Aitor Arregi eta Jon Garaño moriartitarren ‘Marco’ filma azaroaren 8an helduko da zinema-aretoetara. Aurretik, ordea, bi emanaldi berezi egingo ditu lan-taldeak, Gasteizen (urrriak 29) eta Durangon (urriak 30).
Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da Marco, Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia. Eduard Fernandezek interpretatuko du sindikalista kataluniarra, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak izango ditu aldamenean. Batean zein bestean hitzaldiak ematen aritu zen urte luzez filmeko protagonista, komunikabideetan ere agerraldiak maiz eginez. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon eta nola biziraun zuen kontatzen zuen horietan. Bada, bere biografia asmatu egin zuela eta guztia gezurra zela deskubritu zen gerora.
Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Madrilen eta Alemanian errodatu dute zuzendariek Marco, eta Moriarti eta Irusoin euskal ekoiztetxeekin batera, Atresmedia Cine, La verdad inventada AIEr eta BTeam Prods aritu dira ekoizpenean. Era berean, azken hau arduratuko da banaketaz. Proiektuak EiTBren, ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren, Atresmediaren eta Movistar Plus+ taldeen parte hartzea du.
Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako lanak azaroaren 8a izango du estreinaldi komertzialerako data, baina filmaren ekoizlea den Ander Sagardoy Irusoineko kidearen aurkezpena izango duten bi aurkezpen saio egingo dituzte aurretik: urriaren 29an Gasteizen, Florida aretoan; eta hilaren 30an Durangon, Zugaza aretoan. Biak ala biak 19:00etan abiatuko dituzte.
Ibilbide arrakastatsua
72. Donostia Zinemaldia izango genuen moriartitarren lana gurean ezagutzeko lehen aukera, Perlak sailaren baitako emanaldi berezi erakusteko aukera izan baitzuen lan-taldeak. Aurrez, Veneziako Mostran aurkeztu zuten, Orizzonti sailean.
Santurtziko publikoak ere urte honetako film garrantzitsuenetako bat izango dena ikusteko aukera izan du, igaro berri den Santurzine jaialdiaren 12. edizioari esker. Hain zuzen, filma EITB-EUSKAL PANTAILAK atalaren baitan eskaini zuten, lehiaz kanpo, Serantes Aretoak harturiko duen emanaldi berezian.