Euskal film laburren katalogoan aukeratu eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian erakutsi duten lanen aukeraketa bat egongo da ikusgai, festibalaren beraren 66. edizioan.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen duen, eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan Etxepare Euskal Institutuaren bitartez gauzatzen den KIMUAK programa 1998an sortu zen. Mundu osoan barrena euskal ekoizpena duten film laburrak sustatzeko eta banatzeko egitasmoa da, eta berriki 25 urte bete ditu. Bada, urtero-urtero, ZINEBIn lehiatzen dira bertan aukeratzen dituzten hainbat lan, eta aurten, sorta berezia eskainiko dute.
Mende laurdena bete duen KIMUAK programatik pasatu diren 12 film labur proiektatuko ditu Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 66. edizioan:
- Ximinoa (Itziar Leemans, 2023)
- Cuerdas (Estibaliz Urresola, 2022)
- Areka (Atxur Animazio Taldea, 2021)
- Azaletik azalera (Mel Arranz, 2021)
- El infierno (Raúl de la Fuente, 2019)
- Mateoren ama (Aitor Arregi, José Mari Goenaga, 2019)
- Gure hormek (Las Chicas de Pasaik, 2016)
- Hotzanak, For Your Own Safety (Izibene Oñederra, 2013)
- Zela Trovke (Asier Altuna, 2013)
- Deus et machina (Koldo Almandoz, 2012)
- La primera vez (Borja Cobeaga, 2011)
- La gallina ciega (Isabel Herguera, 2005)
Bi saio programatuko dituzte, biak Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zinema aretoetan. Lehena, azaroaren 9an, 21:30ean; bigarrena, azaroaren 10ean, 17:00etan.
Azken hau, gainera, bederatzi autonomia erkidegotako ordezkariekin partekatutakoa izango da, izan ere, hirugarrenez antolatu dute topaketa berezia. Ondokoek parte hartuko dute: ShortCat (Katalunia), Shortzinema (Nafarroako Foru Erkidegoa), Cantabria en Corto (Kantabria), Curts (Valentziako Erkidegoa), Quercus (Gaztela eta Leon), Jara 2 / 4 (Extremadura), Madrid en Corto (Madrilgo Erkidegoa) eta Andaluziako Ikus-entzunezkoen Sustapen Katalogoa (Andaluzia). Gainera, Cracoviako Film Labur eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiko eta Cannesko Zinemaldiko Semaine de la Critiqueko programatzaileek ere parte hartuko dute.
Europako film laburrak
Europako Zinema Akademiak argitara eman ditu Europako Film Labur Onenaren Saria irabazteko hautagaiak zeintzuk diren. Abenduaren 7an ospatuko da European Film Awards ekitaldia, Luzernan (Suitza), eta bertan izango diren bost lan ikusgai egongo dira, aurretik, Bilbon.
- 27 (Flóra Anna Buda. Frantzia-Hungaria)
- Aqueronte (Manuel Muñoz Rivas. Espainia)
- La herida luminosa (Christian Avilés. Espainia)
- Flores del otro patio (Jorge Cadena, Suitza-Kolonbia.)
- Hardly Working (Total Refusal, Susanna Flock, Robin Klengel, Leonhard Müllner, Michael Stumpf. Austria)
Saioa azaroaren 11n izango da, 17:00etan, Azkuna Zentroko Golem 5 aretoan.