Azaroaren 6an hasita, hilabete bakoizteko lehen asteazkenean egingo dituzte proiekzioak, 19:00etatik aurrera. Lehen saiora Asier Altuna zuzendaria gerturatuko da.
Durangoko Udalak jakinarazi duenez, bizilagunek “ZineKlubeko saioez gozatu ahal izango dute” datozen hilabeteetan: “Udalak herritarrak gonbidatzen ditu Durangoko bizitza soziala aberastu eta zinemaz giro atsegin eta parte hartzailean gozatzea bilatzen duen kultur ekitaldi honetan parte hartzera”.
Hilabete bakoizteko lehen asteazkenetan, zinemarekiko maitasuna sustatzen duen gunea bilakatuko da Zugaza Zinema. 19:00etan hasiko dituzte saioak, eta bakoizteak argituko dute zein izango duen ikusgai izango den hurrengo filma. Adierazi dutenez, “urtero gai bat aukeratzen da filmetarako, aurten ‘Etxea’ da gaia. ZineKlubaren bilera bakoitzean film bat proiektatuko da eta beste bat gomendatuko da”.
Asier Altunak zuzendu eta Txintxua Filmsek ekoiztutako Amama (2015) filma izango da pantailaratuko duten lehena, azaroaren 6an. Altuna bertan izango da, eta emanaldiaren ostean solasaldia egingo dute berarekin. Hurrengo saioak abenduaren 4an, urtarrilaren 8an, otsailaren 5ean eta martxoaren 5ean izango dira.
Baserriaren eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, gurasoen eta seme-alaben arteko ezin ulertua, ditu ardatz Amama filmak. Bederen, bizitza bizitzari aurre egiteko modu ezberdinak, elkarren aurka. Bi mundu horien artean gatazkan dagoen familia baten istorioa jasotzen du, eder bezain maisu: “Familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama”.
Filma ikusteko sarrera bakoitzak 3 euro balio du. Bestalde, martxotik aurrera fanzine bat sortuko da parte hartu nahi duten ZineKlubeko partaideen artean.