2024ko edizioaren jarraipena egin nahi duten kazetariek azaroaren 4ra arte izango dute eskaerak egiteko aukera.

ZINEBI 66-zinea

Azaroaren 8tik 15era bitartean ospatuko dute 66. ZINEBI – Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, eta berrikuntza nagusien artean, zuzendari aldaketarena dago: Joseba Lopezortega bueltan da, Vanesa Fernandez Guerraren lekukoa hartuz. Programazio-ildoak, baina, bere horretan dirau momentuz, hala, nazioarteko film labur, dokumental, eta opera prima independente onenak erakutsiko dituzte Bilbon.

44 herrialdetako 132 film pantailaratuko dituzte guztira -erdiak baino gehiago estreinaldiak, eta emakumezkoek errealizatutakoak-, eta horien artean, 59 izango dira euskal ekoizpenak. Gainera, 2024ko edizioan bi Ohorezko Mikeldi Sari banatuko dituzte: Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak irekiera-galan jasoko du berea; amaiera-ekitaldian, aldiz, Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariaak. Horiekin lotutako filmak hartuko ditu egitarauak, beste hainbat saio berezi ere atondu dituzte.

Guztiak ikusi, eta festibalaren jarraipena egiteko, ohi bezala, ZINEBIk kazetariei prentsa akreditazioak banatuko dizkie. Eskaera egiteko epea zabalik da dagoeneko, eta azaroaren 4an itxiko dute.

Interesa duten komunikabideetako profesionalek mezu elektroniko bidez eman beharko dute beren asmoen berri, ondoko informazioa zehaztuz:

  • Hedabidearen izena eta web helbidea
  • Jaialdia beteko duen pertsonaren izen-abizenak
  • Jaialdia beteko duen pertsonaren NANa
  • Zinemaldiari buruz argitaratutako informaziorako estekak eranstea

Horrez gain, azaroaren 8ko irekiera-ekitaldira eta hilaren 15eko itxierakora bertaratu nahi duten kazetariek hala jakinarazi beharko dute ere.