Errekari mintzo (2024), Azken euskaldunak (2024) eta Ximinoa (2023) film laburren emanaldiak hartuko dituen saio berezia hartuko du gaur, 18:30etatik aurrera, Bidarraiko Arrume gelak. Ondotik, solasaldirako tartea izango da Angela Duverger zinemagilearekin.
Bidarraiko gazteek Aldudarrak Bideoren laguntzarekin egindako film laburra da Errekari mintzo (2024), hamar minutuko pieza laburra. Bestalde, Makea eta Lekorneko gazteek ondutako filma da Azken Euskaldunak (2024), iraupen berekoa.
Bestalde, Itziar Leemans zinemagile donibane-lohitzunetarraren lan berriena ikusteko aukera egongo da: Ximinoa, Senpereko Gastibeltza Filmak eta Bilboko Al Borde Films etxeen arteko koprodukzioa
Junek, udako lehen lana aurkitu du. Constance zaintzen du, maitasun eskasez den neskato sentikorra. Junek laster mantsotzen du haurra eta Elisabethen, bere amaren, konfiantza lortzen du. Junek familia berria atzeman izanaren ilusioa du, baina, lehen okerrean, etxeko langile estatutura itzularazten dute. Klase harremanen bortizkeria eta bere identitatearen ukapena aurkituko ditu.
Besteak beste, Márgenes – Madrilgo Nazioarteko Zinemaldian erakutsi du Leemansek Ximinoa, eta ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioan Euskal Zinemaren Sari Nagusiarekin aitortu zuten. Halaber, Huhezinema Saria irabazi zuen, 17. Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdian, epaimahaikideen esanetan “klase harremanen bortizkerian, Iparraldeko familia burges baten eta haien haurtzainaren unibertsoan maisuki murgildu gaituelako”.
Bidarraiko Arrume gelak hartuko du hiru filmen emanaldia, gaur, 18:30etatik aurrera. Doako saioa izango da eta, proiekzioen ostean, Tenebroso film proiektua ontzen ari den Angela Duverger zinemagilearekin solasteko aukera izango da.
Leave A Comment