40 urte bete dira Imanol Uriberen eta Montxo Armendarizen filmak estreinatu zirenetik. Emanaldi berezien baitan programatu ditu zinemaldi bilbotarrak.

Tasio eta mikelen heriotza-zinea

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko arduradunek argitu dutenez, euskal zinemaren bi klasiko berreskuratuko dituzte 66. edizioan. 1984an aurkeztu zituztenetik lau hamarkada bete dituzte Mikelen heriotza (Imanol Uribe) eta Tasio (Montxo Armendariz) lanek, eta horiek pantaila handian berriz ikusteko aukera egongo da azaroaren 8tik 15era bitartean.

San Salvadorren jaiotako eta Ohorezko Mikeldiarekin omendutako zinemagile bizkaitarraren fikziozko bigarren film luzea hilaren 14an emango dute, Guggenheim Museoan, 19:30ean. Lekeition girotuta, farmazialari baten istorioa kontatu zuen Uribek. Bere emaztearekiko harremanak okerrera egin du, indarkeriara ere iritsiz. Egun batean, Bilboko dantzaleku batera joango da, Fama trabesti ospetsu bat ezagutu eta harekin harreman sentimental bat hasiz. Mikel egoera bitxian hiltzen denean, bere kide abertzaleak bere heriotzari etekin politikoa ateratzen saiatuko dira.

KRITIKA | Mikelen heriotza (Imanol Uribe, 1984)

Filmaren proiekzioarekin lotuta, azaroaren 12an, La muerte de Mikel desde una perspectiva queer klase magistrala eskainiko dute Alaitz Arenzana ZINEGOAK jaialdiko zuzendari artistikoak, Begoña del Teso kazetari eta idazleak eta Emilio Papamija ODAko (Ikus-Entzunezko Baliabideen Aniztasunaren Behatokia) Ikerketa zuzendari eta Trans ordezkaritzako zuzendariak. Saioa ZINEBI Networking programaren baitan antolatu dute, Bilboko AS Fabrik Chamber aretoan, 10:15etik 11:00etara.

Filmaren berrikuspena proposatuko dute begirada queer-etik abiatuta. Hura sortu zen testuingurua eta sozialki suposatu zuena aztertuz, eta, aldi berean, sexu-, identitate- eta genero-aniztasuna ikus-entzunezko garaikidean sartzearen eraldaketari buruz hausnartuz, ikuspegi intersekzionalarekin.

José Luis Alcaine, Ohorezko Mikeldia

2024ko edizioan bi Ohorezko Mikeldi Sari banatuko ditu ZINEBIK. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak irekiera-galan jasoko du berea; aldiz, Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariarentzat izango da bigarrena. Arriaga Antzokian egingo duten amaiera-galan emango diote, eta ostean, Tasio filmarekin agurtuko dute jaialdia. Hain zuzen ere, Armendarizen opera priman aritutakoa da Alcaine.

Donostia Zinemaldian estreinatu zela 40 urte bete diren honetan, TASIO filma ‘klasiko’ izendapenarekin berriz eman dute hirian, irailean. Euskadiko Filmategiak zaharberritu du Boloniako L’immagine Ritrovata laborategian (Bolonia), eta nazioarteko zinema jaialdietan ari dira erakusten, 4K kopiarekin. Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics-en, Boloniako Cinema Ritrovato-n eta Lyongo Lumière jaialdian erakutsi dute, eta 2025ean Ipar Euskal Herriko zein Frantziako zinema aretoetan egongo da ikusgai.

KRITIKA | Tasio (Montxo Armendariz, 1984)

Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, baina bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak.

Berau errodatu aurretik, Armendarizek Nafarroako Ikazkinak (1981) dokumental laburra errodatu zuen Viloria (Valladolid, Espainia) herrian, Ikuska 11 proiektuaren baitan. Montxo Armendarizek egur-ikatza eskuz egiten zuten azken ikazkinen erretratu korala filmatu zuen, Nafarroako mendietan. Gutxieneko aurrekontuarekin, lau lagunez osatutako taldearekin eta muntaketa lan zehatz batekin, bai irudiari zein soinuari dagokionez. Armendarizek topo egin zuen bere ibilbidean mugarria izango zen filmaren gaiarekin.

1981eko ZINEBIn bertan estreinatu zen lana, eta Euskal Zinemaren Sari Nagusia irabazi zuen. Bada, Bilbora itzuliko da, bertsio digitalizatuan. Saioa azaroaren 9an izango da, Azkuna Zentroko Auditorioan, 18:00etan.