Urriaren 24tik azaroaren 24ra bitartean, zinemagile estatubatuarraren hainbat film labur eta luze pantailaratuko dituzte Donostiako Tabakalera zentroan. Saio guztiak 19:00etan hasiko dituzte.

ted_fent_zikloa-zinea

Ted Fendt (New Jersey, 1989) zinemagile, proiekzionista, itzultzaile eta idazle estatubatuarrari eskainitako zikloa antolatu du Donostiako Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Gaur hasi eta azaroaren 28ra bitartean, sortzailearen hainbat film labur eta luze pantailaratuko dituzte, Goethe Institut erakundearen laguntzarekin.

Fikziozko filmak egiten baditu ere, Fendten bertuteetako bat da pertsonaien egunerokotasuna naturaltasunez filmatzen duela, dokumentalen itxura hartzeraino; Éric Rohmerren zinemaren oihartzuna nabari zaio, baina baita Luc Moulletena edota Straub eta Huillet bikote artistikoarena ere. Profesionalak ez diren aktoreekin egin ohi du lan eta analogikoan filmatuta daude pelikula guztiak (16 mm-tan). Bada, Tabakalerako zikloan jatorrizko formatuan ikusi ahalko dira eskainitako filmak.

New Jersey eta Filadelfia artean gertatzen diren hiru film laburren –Broken Specks (2012), Travel Plans (2013) eta Going Out (2015)- eta Fendten lehenengo film luzearen –Short Sta (2016)- proiekzioarekin abiatuko dute zikloa. Azken honetako protagonistak Mike, Rob eta Liz dira –bizitzeko norabide zehatzik ez daukaten hogei bat urteko pertsonaiak- eta beraien topaketak eta egoera ezberdinak ditu ardatz.

Azaroaren 2an izango du jarraipena zikloak. Minutu eskas bat irauten duen Study with Books (2017) laburraren ostean, honekin zuzenean lotuta dagoen Classical Period (2018) erakutsiko dute. Cal du ardatz, liburuak eta kultura klasikoa maite dituen aditua. Hala, ikasten eta antzeko ideiak dituzten lagunekin biltzen ematen du eguna Filadelfiatik.

Azken saioa azaroaren 28an egingo dute, eta Fendtek berak aurkeztuko du. Unglückliche Stunde / Unhappy Hour (2023) eta Outside Noise (2021) egongo dira ikusgai. Lehenengoak Claudia eta Franzaren arteko elkarraldia erakusten du, luzaroan elkar ikusi ez duten bi lagun; galdutako giltza baten istorioa kontatzen du. Bigarrenean, New Yorketik Berlinera eta etxera bueltan Vienara joango den Daniela jarraituko du. Mia eta Natascha etorri zaizkio bisitan.

Emanaldien ostean zinemagilearekin solasaldirako tartea egongo da.