Euskal artisten sormena eta herri kontakizuna uztartu eta euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzea ditu helburu Udalbiltzak bi urtean behin antolatzen duen Geuretik Sortuak bekak. Idazle, komikigile, antzerkigile eta zinegileei zuzendutako 3. deialdia azaroaren 25era arte egongo da zabalik.
Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa: “Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz”. Izan ere, haien erakundearen aburuz euskarazko eskaintza kulturala ez da behar bezain zabala, eta ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazional baten aldarrikapenetik ari dira lanean. Bada, lehen bi edizioei esker, zazpi lurraldeetako hainbat herritara iritsi dira 40 euskal sortzaile baino gehiagoren lanak, lau arte-diziplinatakoak.
Bide horretan ekingo diote 2025. eta 2026. urteak hartuko dituen hirugarren deialdiari ere. Izan ere, sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du beka honek, zirkuitu nazionala horren bidez. Arestian aipatu dugun bezala, bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako.
Proiektuak aurkezteko epea zabalik da jada, eta parte hartu nahi dutenek azaroaren 25era bitartean eman dezakete izena.
Hirugarren edizioaren xehetasunak
Bigarren edizioan, komikigintza gehitu zitzaien aurreko hiru diziplinei -antzerkigintza, idazketa eta zinemagintza-, berrikuntza gisa, eta aurtengoan ere lau alor horiei eutsiko die proiektuak. Izango dira, hala ere, zenbait berrikuntza, antzerkigintzaren alorrean batez ere.
Pasa den edizioan, hautatuetako antzezlan bat kale-antzerkia izango zela erabaki zen. Aurten, hala izaten jarraituko du, baina beste zehaztapen bat ere izango da: gutxienez, antzerkigile edo konpainia hasiberri bat hautatuko da. Hasiberritzat hartuko da aurretik ibilbide profesionalik izan ez duen pertsona edo konpainia. Hainbat eragilerekin hitz egin ostean hartutako erabakia izan da; izan ere, antzerkigile hasiberrientzako plazak falta dira, eta Geuretik Sortuak beka oso tranpolin ona izan liteke Euskal Herriko plazetara salto egiteko. Aukera polita bada ere, erronka handia ere bada antzezlan bat sortu eta bira oso bat antolatzea, eta lan horretarako, bidelagun profesional bat izango dute hautatutako pertsona edo konpainia hasiberriek. Gainera, antzerkigile profesionalentzako beka handiagoa izango da.
Gainerako alorretan, aldaketa txikiren bat izango den arren, antzekoak izango dira oinarriak. Udalbiltzaren helburua euskal sortzaileei beka duin bat ematea denez gero, hirugarren edizio hau baliatuko du sortzaileen beharrei ahalik eta era duinenean erantzuteko, beka Euskal Herri mailan kokatzeko eta euskal kulturari merezi duen lekua emateko.
Ikusi deialdiaren oinarriak, HEMEN. Aldiz, ondorengo estekaren bidez gauzatu daiteke izen-ematea: https://www.udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/geuretik-sortuak-beka-deialdia/
Harremanetarako: +34 689 91 63 80 | komunikazioa@udalbiltza.eus