Gena Rowlands aktore estatubatuarrari eskainitako atzera begirakoaren lehen filma emango dute: Another Woman. Gainera, I used to be fanny ekoizpen kanadarra eta Rehana Maryam Noor bangladeshtarra eskainiko dituzte. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitzak zozkatuko ditugu.
Donostiako Kresala Zineklubak azaroaren 12an abiatuko du azarorako prestatutako egitaraua, eta berriki zendu den Gena Rowlands aktorea omenduz egingo du: “Duela gutxi utzi gaitu, baina bere argia dir-dir dago bere filmetan”. Atzera begirakoa eskainiko diote interprete estatubatuarrari, datozen hilabeteetan luzatuko dena.
Woody Allenek zuzendutako Another Woman (1988) lana ekarriko dute zineklubeko kideek Trueba zinema aretora: Marion Post filosofiako irakasle bikainak eszedentzia eskatu du liburu bat idazteko. Egun batean, lan egiteko instalatutako estudiotik alboko kontsulta bateko psikoanalisi-saioak entzun ditzakeela jakingo du. Pazienteetako baten aitorpen hunkigarriek bere bizitza sakon aztertzera eramaten dute. Ordutik aurrera hutsa iruditzen zaio, eta auto engainuan eta emozioen beldurrean oinarritzen da.
Azaroaren 19an, aldiz, I used to be fanny (Ally Pankiw, 2023) ekoizpen kanadarra pantailaratuko dute: Sam Cowell stand-up komediante eta umezain izateko hautagai gaztea da. Trauma osteko estresaren nahasmenduarekin borrokatzen da, eta Brooke nerabe desagertuaren bilaketarekin bat egin edo ez erabaki beharko du.
Azkenik, Abdullah Mohammad Saad zuzendariaren Rehana Maryam Noor (2021) filmarekin agurtuko dute azaroa. Hilaren 26an emango dute: Rehanak, Dhakako (Bangladesh) ospitale bateko irakasle laguntzaileak, ama alargun baten eguneroko zailtasunei aurre egin behar die, eta familiaren eta lanaren arteko oreka aurkitzeko borroka egin behar du. Arratsalde batean, bere ikasle bat irakasle baten bulegotik negarrez irteten ikusiko du.
Donostiako Gros auzoko Trueba zinema-aretoan egingo dituzte emanaldiak, asteartetan, 19:30etik aurrera. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako. Parte hartu honako estekan.