Txani Rodriguezek idatzitako izen bereko eleberriaren gainean David Perez Sañudok zuzenduriko lanak Panorama Andaluz sailean parte hartuko du. Sevilla erroturiko zinemaldia datorren azaroan ospatuko da.

Zineuskadik ezagutarazi duenez, egunotan Poloniako Warsaw Film Festival jaialdian parte hartu duen David Perez Sañudoren Azken erromantikoak (2024) filmak Sevillako Zinema Europarraren Jaialdian  parte hartuko du. Azaroaren 8tik 16ra bitartean ospatuko da zinemaldia, eta finkatutako zuzendarien lanak zein hasi berrien opera primak nahasten ditutuen Panorama Andaluz sailean egongo da ikusgai.

Ane (2020) opera primarekin, besteak beste, Donostia Zinemaldian  Euskal Gidoi Onenaren eta Euskal Zinemaren Irizar sariak eta hiru Goya estatuatxo lortu ostean, Sañudok Marina Pares izan du oraingoan ere bidelagun gidoiaren idazketan. Elkarrekin egokitu dute Txani Rodriguezek idatzitako Los últimos románticos eleberria.

Paper fabrika batean lan egiten duen Irune da 2021eko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen nobelaren protagonista, gizarteak galdu dituen balioei eusten dien emakumea. BadaMiren Gaztañagak haragituko du bularrean koskor bat detektatzen diotenean bizitza osoa birplanteatu beste erremediorik izango ez duen emakume protagonista, baina aktore ezezagunek (euskaldunek eta andaluziarrek) interpretatuko dituzte filmeko pertsonaia gehienak. Adiskidetasun eta maitasun istorioa izango da, gizakiari eta besteekin duen harremanari buruz hausnartzera gonbidatuko gaituena. Gizarte eta lan eraldaketa, iraganeko denboren nostalgia edo guraso eta seme-alaben arteko harremanak ere jorratuko ditu filmak.

‘AZKEN ERROMANTIKOAK’: Emakume hautsi baten askapen eskubidea

Irusoin eta La claqueta ekoiztetxeen proiektua da euskaraz errodatutako Azken erromantikoak, 2 milioi euro inguruko aurrekontua duena, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europa Creativa Mediaren partaidetza dauka. Gainera, EiTB eta Canal Sur komunikazio-taldeen zein HBO Max laguntza du.

Donostiako Zinemaldiaren New Directors sailean aurkeztu zuten eta, ostean, Santurzine Jaialdiaren 12. edizioan eta Poloniako Warsaw Film Festival zinemaldian aurkeztu dute ere. Sevillako Zinema Europarraren Jaialdia izango du zinema-aretoetara iritsi aurreko azken hitzordu garrantzitsua: A Contracorriente Films banatzaileak zabalduko du filma, azaroaren 15etik aurrera.