Film laburren sail ofizialean sei euskal lan lehiatuko dira. Gainerakoak, Bertoko Begiradak atalean zein bestelako sailean sartu dituzte. Ohorezko Mikeldi Sariak Laura Poitras zinemagile estatubatuarrari eta José Luis Alcaine argazki-zuzendariari emango dizkiote.

ZInebi 66-egitaraua-zinea

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko arduradunek 66. edizioa izango denaren egitarau osoa aurkeztu zuten atzo, udaletxean. Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Joseba Lopezortega ZINEBIko zuzendariak hartu zuten hitza, azaroaren 8tik 15era bitarteko emanaldi, omenaldi eta bestelako jardueren berri emanez.

44 herrialdetako 132 film pantailaratuko dituzte guztira -erdiak baino gehiago estreinaldiak, eta emakumezkoek errealizatutakoak-, eta horien artean, 59 izango dira euskal ekoizpenak. Hala ere, Vanesa Fernandez Guerraren gidaritzapean gertatu bezala, film guztiak euskarazko azpitituluekin proiektatuko dituzten ez dute zehaztu. Irekiera-eta itxiera galek ohiko protagonistak izango dituzte, La Dramática Errantek (Ane Pikaza eta María Goiricelaya) hirugarrenez zuzenduko baititu.

Lanak bi multzotan banatu dituzte: Sail ofiziala eta bestelako proiekzioak. Lehenari dagokionez, batetik, 101 herrialdetako 51 obra erakutsiko dituzte Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan, eta tartean dira Azkena (Lorea Lyons eta Ane Ines Landeta), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Horizontal (Alex Reynolds), Locas del ático (Tamara García Iglesias), Exergo (Jorge Moneo Quintada) edota Errotatiba (Iratxe Fresneda) euskal proiektuak. Azaroaren 8ko irekiera-galan pantailaratuko dituzte, ohi bezala, Arriaga Antzokian.

Epaimahaikideak ondoko profesionalak izango dira: Anahí Berneri zuzendari, gidoilari eta zinema ekoizle argentinarra; Esther García Rodríguez Zinematografia Sari Nazionala; Claudius Gentinetta komikigile, animaziozko filmen zuzendari eta diseinatzaile suitzarra; Olatz Ganboa aktore euskalduna; eta Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen Nebojša Slijepeeviere zinemagile kroaziarra.

Bestetik, 9 opera prima hartuko ditu ZIFF – ZINEBI Fist Film Nazioarteko Lehiaketak; bertan izango da ikusgai Itoiz musika taldearen memoria arakatuko duen Itoiz udako sesioak (Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka) dokumentala, aldi berean Xixongo Zinemaldian estreinatuko dena.

Teresa Lavina euskal dokumentalistak, Veton Nurkollari DokuFesteko kuradore eta zuzendari artistikoak eta Myriam Tafakory artista bisual eta zinemagile irandarrak osatuko dute epaimahaia.

Ohorezko Mikeldi Sariak

2024ko edizioan bi Ohorezko Mikeldi Sari banatuko dituzte. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak irekiera-galan jasoko du berea, “justizia sozialarekin eta herritarren eskubide eta askatasunen defentsarekin duen konpromiso irmoagatik, lan zinematografiko zorrotz batean adierazia, askotan irudikorra, zeinean lortu baitu, estilo narratibo intimo batetik, gure agintariei eska dakizkiekeen printzipio demokratikoak eta gardentasunekoak aldarrikatzea”. Hark zuzendu eta Oscar saria irabazi zuen Citizenfour (2014) emango dute Guggenheim Museoan; baita ere Veneziako Zinemaldian Urrezko Lehoia irabazi zuen All the Beauty and the Bloodhsed (2022) ere.

Bigarrena, Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariarentzat izango da, “argazkigintzaren bidez pertsonaien xehetasun emozionalak eta psikologikoak nabarmentzeko duen maisutasunagatik eta atmosfera iradokitzaileak sortzeko eta argia elementu narratibo bihurtzeko duen gaitasunagatik”. Amaiera-galan egingo diote omenaldia, eta Tasio (Montxo Amendariz, 1984) emango dute gero.

Bertoko begiradak eta bestelako saioak

Euskal zinemagintzari eskainitako tarte berezian hiru film luze –Enarak (Beñat Iturriotz), Ezer ematen ez dizun mundu hori (Ernesto del Río), Esto no es Hollywood (La historia inacabada de los hermanos Ibarretxe) (Jone Ibarretxe eta Nire Falagan)- sartu dituzte, baita ere 27 film labur, zinemagile gazteen -Josu Venero, Xabier Larrazabal, Izibeñe Oñederra, Aitor Abio, Lide Billealbeitia, Alba Lozano- eta ibilbide sendoagoa duten zuzendarien lanak uztartuz -Larraitz Zuazo, Iñaki Alforja, Iban Toledo, Xanti Rodriguez, Julen Etxeberria, Sonia Estevez, Ainhoa Urgoitia, Imanol G. Gurrutxaga eta beste hainbeste-.

Munduko film luze dokumental onenen aterpe den Beautiful Docs atal ez lehiakorrean, gainera, Pello Gutiérrez Peñalbaren Erreplika egongo da ikusgai, ZINEBI Networking EITB 2022 saria eta Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Aipamen Berezia irabazi dituen proiektua. Atalean, Zinemaldiko bertako Urrezko Maskorra ere proiektatuko dute –Tardes de soledad (Albert Serra), baita Cannesens aritutako Elena López Rieraren Las novias del Sur ere.

Saio bereziei dagokienez, Imanol Uriberen Mikelen heriotza eta Montxo Armendarizen Nafarroako ikazkinak lanak berreskuratuko dituzte. Horiez gain, KIMUAK programaren 25. urteurrena ospatzeko bildumaren parte diren hamabi lan proiektatuko dituzte, ZINEBIn erakutsi izan dituztenak: Ximinoa (Itziar Leemans, 2023), Cuerda” (Estibaliz Urresola, 2022), Areka (Atxur Animazio Taldea, 2021), Azaletik azalera (Mel Arranz, 2021), El infierno (Raúl de la Fuente, 2019), Mateoren ama (Aitor Arregi, José Mari Goenaga, 2019), Gure hormek (Las Chicas de Pasaik, 2016), Hotzanak, For Your Own Safety (Izibene Oñederra, 2013), Zela Trovke (Asier Altuna, 2013), Deus et machina (Koldo Almandoz, 2012), La primera vez (Borja Cobeaga, 2011), La gallina ciega (Isabel Herguera, 2005).

(H)emen Elkarteak sustatu eta antolatutako AUKERA proiektutik igarotako zenbait lan emango dituzte: Hadas (Beatriz de Silva, 2024), Komando Marmitako (Uxue Botas, Ane Miren Nafarrate, 2024), Hemen bizi da maitasuna (Enara García, Ainhoa Olaso, 2022), Pomo d ‘oro (Nerea Sciarra, 2024), Prioridades (Tamara Lucarini, 2023).

2023an Urteko Europako Film Labur Onenaren sarirako hautagai izan ziren bost film laburren emanaldiak, El gesto reflejado saioak, Quebeceko zinema garaikideari eskainitako saioak, eta La Marsellesa de los borrachos (Pablo Gil Rituerto) dokumentalaren proiekzioak osatuko dute 66. ZINEBI festibalaren egitaraua.

Sarrerak salgai

Jaialdia aurkeztearekin batera, sarreren salmenta ere martxan jarri dute antolatzaileek. Azkuna Zentroko Auditoriumeko eta Gólem Alhóndiga Zinemetako emanaldietarako txartelek 4,5 euroko kostua dute; 10 emanalditarako bonuak 35 euro balio du. Aldiz, prezio bereziak izango dituzte langabezian dauden pertsonek, erretiratuentzat eta 60 urtetik gorakoek, ikasleek eta 26 urtetik beherakoek: 3,5 euro eta 20 euro, hurrenez hurren.