Azaroaren 4tik 11ra bitartean ospatuko dute 2024ko Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia, Gasteizen. Sail ofizialean fikziozko 9 lan eta 3 dokumental lehiatuko dira.

Afrikaldia 2024 aurkezpena-znea

Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntza eta babesari esker, Kultura Bendera eta Africanista Manuel Iradier elkarteek laugarrenez antolatuko dute aurten Afrikaldia – Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia. Hiriko 15 kolektibo afrikarren parte hartzearekin ospatuko da ekimena, eta kontinenteko gazteria eta horien aldarrikapenak izango ditu ardatz.

Itziar Inza Moraza Afrikaldiaren zuzendarikideak, Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetza zinegotziak eta Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak aurtengo zinemaldiko xehetasunak aurkeztu dituzte, “hiria industria zinematografikoaren erdigunean” kokatuko dela nabarmenduz.

Azaroaren 4an Europa Biltzar Jauregian egingo dute irekiera-ekitaldia, eta jatorri karibetarra duen Maria Cruickshank (Oñati, 1989) euskal aktorea izango da aurkezlea. Ostean, Shamira Raphaëlak zuzendutako Shabu (2022) filma eskainiko dute, Rotterdamen bizi den musikari gazte baten bizitza arakatzen duena. Amaiera-ektialdia toki berean izango da, eta epaimahaiak -Jorge Guerricaechevarria gidoilaria, Assari Bibang aktorea eta Amal Ramsis zuzendari eta zinema gidoilaria- sariak banatuko ditu. Hitzordura bertaratzea doan izango da.

Guztira, 16 herrialdetako 21 film eskainiko dituzte, beste hainbat jarduerekin batera. Fikziozko bederatzi film eta hiru dokumentalek osatuko dute sail ofiziala, eta horiek Florida zinemetan egongo dira ikusgai. Gainerako emanaldiak UPV/EHUko Arabako Campusean, Arte eta Lanbide Eskolan, Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolan egingo dituzte.

Topaketak

Ikus-entzunezko sektoreko profesionalen arteko topaketak hartuko ditu Afrikaldiak, iazko arrakastari segika. Montehermoso Kulturunean egingo dira, Kale Heziketako Udal Programarekin batera antolatua.

Gainera, Afrikako eta diasporako 16 herrialde bilduko dira Gasteizen jaialdiak iraun bitartean, eta bereziki, Kamerunek protagonismoa izango du bertako emakumeek fikzioarekin lotuta egindako lana omenduz eta aitortuz.