2025eko urtarrilaren 22tik 24ra bitartean ospatuko da Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdiaren 18. edizioa. Film laburrak aurkezteko epea zabaldu berri dute antolatzaileek, azaroaren 17ra bitartean.

Urtero bezala, Aretxabaletako Arkupen gauzatuko da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia, Euskal Herriko sortzaileen film laburrak eta bideoklipak ezagutzera eman eta, bide batez, lanik onenak saritzeko xedez. Inaugurazio ekitalditik hasi eta Huhezinema saria banatu arte, jaialdiak esperientzia aberasgarria eskainiko du ikusleentzat. Aipatu behar da, gainera, Huhezinemak baduela beste jaialdiengandik bereizten duen ezaugarri nagusi bat: urtero, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle talde berri batek parte-hartzen du antolakuntzan.

Hiru egunez ikusleak hunkitu, inspiratu eta entretenitzeko moduko proiekzioak programatzeaz gain, beste hainbat ekimen antolatuko dituzte 2025ean ere; zinemarekiko grina ospakizun kolektibo bihurtuz. Bada, programazio horren oinarria izango den film laburren eta bideoklipen lehiaketaren deialdia zabaldu berri dute, eta berariaz atondutako inprimakia betez gauzatu beharko da berau, azaroaren 17a baino lehen.

Ondorengo sariak banatuko dira:

Sail Ofiziala: Hautatutako finalista bakoitzak 150€ jasoko ditu hautatua izateagatik.

  • Huhezinema saria: 650€
  • Ikusleen Saria: 100€–tan baloratutako saria.

Ikasleen Saila

  • Ikasle film onena: 300€
  • MU saria: 200€ Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako lan onenari.
  • Ikusleen Saria: 100€–tan baloratutako saria.

Bideoklip Saila

  • Bideoklip onena: 300€
  • Ikusleen Saria: 100€–tan baloratutako saria.

Mundukide saria: 700€, jasotako film labur guztien artean, gaur egun munduan dugun lekuaz hausnartzera gonbidatzen gaituen film labur onenari.