Zinemaren historiako zenbait film ezagunen soinu bandak izango dituzte hizpide Loiola Retro Musika elkarteak hamalaugarrenez Donostian antolatuko duen Loiola Vintage jaialdian. Urriaren 19an, larunbata, finkatu dute hitzordua, Loiola auzoko Kultur Etxean.

“Doako ekitaldi honek ibilbide musikal bat eskainiko du zinemako doinu gogoangarrienetako batzuetan zehar, bertako musikari talentudunek interpretatuta”, azaldu dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, eszena musikal gipuzkoarraren 20 bat musikarik hartuko dute parte emanaldian, Lide Hernando musikari donostiarra (Liher, Bele) gidari: Ivan Azkarate, Daiana Fernandez, Emilio Azkarate, Saioa Sese, Jon O. Lander, Ana Maria Sanchez, David Gonzalez, Sara Escalante, Alvaro Escalante, Thayah Elim, Ciernen Fortea, Ariadna, Xabier Cristobal, Sibel Berra, Aitor Osuna eta O ‘Club. Horiekin batera, Loiola Vintage Bandaren musika izango da ekitaldiaren oinarria. “Gure bizitzak markatu dituzten soinu bandetan zehar garraiatuko gaituzte”, nabarmendu dute.

Urriaren 19an, larunbat honetan, egingo dute saioa Loiola Kultur Etxean. Doako emanaldi irekia izango da -edukiera bete artean-, eta 19:00etan emango diote hasiera.