Gizakiak bere bizitokiarekin duen lotura aztertzen dituzten filmak pantailaratuko dituzte Iturramako Civivoxean. Gaur hasiko dute programa, eta hilaren 22ra bitartean luzatuko da.

mapamunditarrak 2024-zinea

La Caracola kultura elkarte iruindarrak antolatutako Mapamunditarrak 2024 / Azaleraren azpian proiektuaren baitan, “pertsonak beren bizilekuekin lotzen dituzten lokarriak” ardatz dituzten hiru zinema saio hartuko ditu Iturramako Civivoxak. Norbanakoen edota istorio kolektiboen bidez, “lurraldea giza ekintzen ondorioz nola eraldatu den” ezagutzeko aukera eskainiko dute programa osatuko duten filmek; Alexandra Baurès artista frantziarra da komisarioa.

Aïssa Maïga zinemagile senegaldarraren Marcher sur l’eau (2022) dokumentalarekin abiatuko dute, gaur, egitasmoa, Bilboko Institut Français-ekin lankidetzan antolatutakoa.  Tatisteko biztanleen borrokaren istorioa kontatzen da bertan: Saheleko herri bat da, Nigeriako iparraldean kokatutakoa, non putzu bat eraikitzearen aldeko borrokan dabiltzan. Filmean, familien eguneroko bizitza ageri da, urik ezaren biktima dira, klima-aldaketaren eraginez, baina aldi berean, lurrari atxikitako bizimoldearen edertasuna islatzen da.

Bigarren saioan, urriaren 22an, bi film labur pantailaratuko dituzte. Batetik, Anne-Laure Boyer artista frantziarraren El pueblo del agua (2018), hainbat belaunalditako lau pertsonen erretratua dena. Beren herriaren edo lurren desagerpena bizi izan dute Easo urtegia eraikitzearen ondorioz. Tiermasen, Escon eta Ruestan filmatuta dago. Bestetik, Maddi Barber nafarraren Urpean Lurra (2019), Itoizko urtegiak urperatutako zazpi herri eta hiru erreserba natural ardatz dituena. Itoizko Solidarioak talde ekologistak bideoan hartu zuen urtegiaren aurkako borroka. Oraindik urpean dirauen lurrarekin amets egiten dute han egon zirenek. Beren ahotsekin eta keinuekin gaurdaino iraun duen dolu indibidual eta kolektiboa azalduko dute.

Azkenik, urriaren 29an, Régis Sauder zuzendariaren J’ai aimé vivre là (2020) lana emango dute, hau ere, Bilboko Institut Françaisekin lankidetzan atonduta. Cergy-Pontoise hiri berri bat da, Paristik 25 kmra, 1969an inauguratua. Leku horretan, Annie Ernauxek, 2022ko Literatura Nobel Saria irabazitako idazleak, bere liburu gehienak idatzi zituen. Lanak besteenganako behaketatik elikatzen dira. Haren testuen irakurketatik abiaturik, filmak gogora ekartzen digun lurraldean zoriontsua ageri da jendea eta beste leku batzuetatik iristen diren pertsonak elkarren artean nahasten dira.

Saioak publiko orokorrarentzat irekiak izango dira, doakoak. eta 19:00etan hasiko dituzte filmen emanaldiak.