Urriaren 17tik 25era ospatuko duten Albaceteko Nazioarteko Zinemaldian Marco, Nina, Williamstarrak, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Lucía filmak egongo dira ikusgai. Industria arloan, Noka Ekoizpena programako proiektuen pitch saioak egingo dituzte.

abycine 2024-zinea

Nazioartean lehiatu edota programatu dituzten ekoizpen euskal herritarren sortak Albacetera (Espainia) egingo du asteon bidaia. Urriaren 17an abiatuko dute 24. edizioa beteko duen Abycine jaialdia, eta hilaren 25era bitartean luzatuko da.

Abycine Presenta atalean emango dute, hain zuzen ere, oraindik gurera iritsi ez den lan bakarra: Marco. Aitor Arregi eta Jon Garaño moriartitarren lanak Veneziako Mostrako Orrizonti sailean izan zuen mundu mailako estreinaldia, eta Donostia Zinemaldiko Perlak atalean erakutsi ostean, Santurzine jaialdian egongo da aurki ere ikusgai.

Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da Marco, Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia.  Eduard Fernandezek interpretatuko du sindikalista kataluniarra, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak izango ditu aldamenean. Batean zein bestean hitzaldiak ematen aritu zen urte luzez filmeko protagonista, komunikabideetan ere agerraldiak maiz eginez. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon eta nola biziraun zuen kontatzen zuen horietan. Bada, bere biografia asmatu egin zuela eta guztia gezurra zela deskubritu zen gerora.

Bestetik, Mi Primer Abycine atalean Raul de la Fuente zinemagile nafarrak Iñaki eta Nico Williams anaiei eta beren familiari buruzko Williamstarrak dokumentalak parte hartuko du. 72. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu da berriki, eta bi kontinente, bi errealitate eta kulturaren arteko zubi-lana du ardatz.

Bi anai futbolari, euskal herritar eta beltzek (ghanatarren ondorengoak) euren historia harrigarria erakutsiko dute euren bizitzako bi urte erabakigarrienen bidez. Qatarreko Munduko Txapelketan bi selekzio ezberdinekin parte hartu zutenekoa, 40 urteren ostean Athletic Clubek Errege Kopa irabazi zuenekoa, Nicok Eurokopan irabazi zuenekoa, etab. Nazioarteko bi izar, euren iraganarekin eta etorkizunarekin aurrez aurre, bizitza markatu dien gatazketan zehar: arrazakeria, nortasuna, frustrazioa, anbizioa, eta arrakasta.

KRITIKA | WILLIAMSTARRAK: Ez da futbola, bizitza da

Talentos Lanza atalean Malagako 27. Zinemaldian Kritikaren Saria jaso zuen Nina (Andrea Jaurreita) western feminista egongo da ikusgai, José Ramón Fernandez antzerkigilearen izen bereko obraren egokitzapen librea; film laburrei dagokienez, aldiz, Izibene Oñederrak zuzendutako Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Marta Eturaren Lucía emango dituzte.

KRITIKA | NINA: Gorri kolorea du mendekuak

Lehena animaziozko zinemaren festival garrantzitsuena den Annecyn lehiatu da, eta KIMUAK 2024 katalogoan ere aukeratu dute. Zuzendari azkoitiarrak mundu distopiko batera eramango gaitu, zeinetan gaitz batek mundua izutuko duen. Bigarrena, bere aldetik, zuzendari donostiarraren lehen lana da, norberaren defentsa-mekanismoei buruzko funtsezko hausnarketa egiten duena.

Industria alorra

Zineuskadik sustatu eta koordinatutako eta Tabakaleraren laguntzarekin aurrera eramandako Noka Ekoizpena programari bukaera emango diote Abycine Lanza egitasmoaren baitan. Gaur bertan abiatuko dituzte jardunaldiak, eta hilaren 18ra bitartean egingo da.  Film luzeen garapenaren azken fasean dauden zuzendari eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza eskaintzen dien egitasmoak, eta bertan aukeratutako proiektuek pitch saioa izango dute asteazkenean.

Amaia Merinok, Aitor Merinok eta Ander Iriartek one-to-one bilerertan aprte ahrtuko dute; Mirokutanak ekoitzitako Intxaurrondo dute eskuartean.

Azkenik, WIP Abycine Lanza atalak ere euskal presentzia izango du. Ion de Sosa zuzendari donostiarra izango da bertan Balearic film luzearekin. Apellaniz eta De Sosa, Jaibo Films, Umbracle Cine eta La Fábrica Nocturna Cinéma enpresek ekoitzitako proiektua da.