Paul Urkijoren film epikoa estreinatuko du gaur Euskal Telebistaren PRIMERAN plataformak. Ikusle gehien bildu dituen euskal filmari banaturiko EZAE saria eskuratu du berriki.

Irati-estreinaldia-azaroak 18-zinea

VIII. mendea. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarreko jaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Bizitza ematea suposatuko dion odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzea lortuko, baina lehenago, Eneko semeari hitz emanarizko dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.

Urte batzuk beranduago, helburu zehatz batekin egingo dio aurre Enekok promesa hari: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, Karlomagnoren altxorrarekin batera modu paganoan lurperatuta dagoena. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat.  Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: bertan, diotenez, “izena duen guztia bada”.

KRITIKA | IRATI: Euskal kondairen lurraldea

Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate jarri ditu Urkijok bikote protagonistaren azaletan, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatu dute aktore-zerrenda. Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta izen ezagunak ageri dira ere talde-teknikoa osatzen duten profesionalen artean: Gorka Lazkano –Errementari filmean ere aritutakoa- da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomezek jardun du argazki-zuzendari lanetan; eta Akelarre (2020) filmerako sortutako doinu bikainei esker Goya saria irabazi zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik idatzi dute musika.

Halaber, VFXak Alive VFX taldeak egin ditu, David Herasen gidaritzapean; efektu bereziak, Drama FXk, Jon Serranoren gidaritzapean; eta makillajea, Pedro Rodríguez “Pedrati”-ren lana izan da.

RTVE eta EiTBren partaidetza du ekoizpenak, eta Filmax arduratu da banaketa-lanak egiteaz.