Paul Urkijo zinemagileak proiektu berria duen GAUA lanaren berri eman du Sitgesko Jaialdian. Arabarrak urte berriarekin ekingo die errodaje lanei.
XVII. mendean girotutako Euskal Mitologiaren gaueko munduan murgilduko da Urkijo, aurreko lanetan bezala, fantasiaren eta errealitate historikoaren kodeen artean dantzari. Izan ere, Gaua lanak gaueko izakien mundu mitologiko kezkagarria eta landa-sineskeriaren imajinarioa uztartuko ditu, “gure zinematografian inoiz ikusi ez den moduan”, misterioz, emozioz eta epikaz beteriko unibertso bat erakiaz.
Euskal mendiak, XVII. mendea. Sorgin ehiza betean, Kattalinek atzean utziko du baserria gauaren erdian, senarrarengandik ihesi. Basoaren belztasunean galduta, haren atzetik dabilen presentzia sentitzen hasiko da. Bere bidean hiru emakume maitagarrirekin egingo du topo eta, arropa garbitzen duten bitartean, herriko beldur eta esamesen ipuinak kontatuko dizkiote elkarri. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista.
Paul Urkijok honela azaldu du proiektuaren jatorria: “txikitatik liluratu naute gure herriko mitologian ugariak diren gauarekin lotutako istorioek. Ipuin horien bidez hezitu dituzte gazteak iluntasunaren arriskuei errespetua izatera, eta baita XVII. mendeko jazarpenen ondorioz sortu ziren espiritu, deabru eta sorginei buruzko elezaharrak ere, zeinak egungo ahalduntzearen ikur diren. Betidanik interesatu zaidan gaia da, eta Gaua-rekin pantaila handira modu ikusgarri, kezkagarri eta epikoan eraman nahi dut. Eszena beldurgarriagoak, baina, aldi berean”.
Irusoin (Marco), Ikusgarri Films (Irati), Gaua AIE eta Vilaüt Films (Alcarràs) enpresen artean ekoitzitako lana da, eta 2025 urtearen hasieran abiatuko dituzte errodaje lanak, Euskal Herriko hainbat txokotan.