Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate eta zinema eskoletako ikasleek ZIFF lehiaketako opera prima onena erabakitzeko ardura izango dute. Urriaren 31ra arte dago izen-ematea zabalik.

Zinebi gazte Epaimahaia-zinea

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia hasi da Vanesa Fernandez Guerra garaiaren osteko lehen edizioa prestatzen. Lehiaketa publikorik gabe, Joseba Lopezortega iragarri zuen Bilboko Udalak zinemaldiko zuzendari ekainean, eta lan-taldea martxan jarrita, 2024ko ekitaldia prestatzen hasi dira.

Azaroaren 8tik 15era egingo duten 66. ZINEBIko irudi nagusia argitu ostean, Gazte Epaimahaiaren osaketa-prozesuari ekin diote. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate eta zinema eskoletako ikasleek osatuko dute, eta ZIFF – ZINEBI First Film saileko lanak ikusi eta baloratzeaz arduratuko dira; Opera Prima Onenaren Saria ebatziko dute.

Urriaren 31ra arte eman dezakete izena elkarlana adostutako ikastetxeetako ikasleek ondoko estekan. Ondoko baldintzak bete beharko dituzte aukeratuak izango direnek: erabateko prestutasuna ZIFFeko emanaldietara joateko (18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan); Zinebi NETWORKING, MEETINGS eta jaialdiak antolatutako gainerako jardueretara joatea; jaialdia hasi aurretik egingo duten eta saria erabakitzeko egingo duten bi bileretara joatea.

Azken topaketa honetan, gainera,  azaroaren 15ean egingo duten amaiera ekitaldian saria emango dituzten bizpahiru kideak ere erabakiko dituzte.