Bilboko Campos Eliseos Antzokian bart banatu dituzte XX. Besarkada Sariak. Golden Apple Quartet taldeak jaso du Ohorezko Saria.

besarkada saria-zinea

EAB Euskal Aktoreen Batasuneko afiliazioak lankideen antzerki, telebista eta zinema arloetako interpretazio lanak nabarmentzen ditu bi urtean behin, Besarkada Sariak banatuz. Bada atzo bertan egin zuten 2024ko ekitaldia, Bilboko Campos Eliseos Antzokian.

Zinemari eskainitako atalean Ane Gabarain eta Eneko Sagardoy aitortu zituzten, emakumezko zein gizonezko aktore onenak izendatuz. Lehenak Estibaliz Urresolak zuzendutako 20.000 erle espezie filmean parte hartu du, eta berriki gainera, II. Gure Zinema ere eman diote, Donostia Zinemaldiaren abaroan. Bigarrena, 2023an euskaraz errodatutako film bakarreko protagonista da; Irati lan epikoan aritu da eta Eneko zalduna interpretatu du.

Antzerki alorrean Olatz Ganboak eraman du Emakumezko Aktore Onenaren saria, Festen antzezlanean egindako lanagatik; Kepa Errasti izan da Gizonezko Aktore Onena, Posdatarik gabeko gutuna-n aritzeagatik. Antzerkiko Errebelazino Saria Leire Ormazabalek jaso du, Ramon Bareak zuzendutako Pio Barojaren La lucha por la vida eleberriaren egokitzapenean interpretatutako pertsonaiagatik.

Telebistari dagokionez, Entrevías telesailean ikusi dugun Itziar Atienza eta Machos Alfa-n parte hartu duen Gorka Otxoa errekonozitu dituzte. Telebistako errebelazio saria Sambou Diabyri banatu zitzaion, ETBko Itsaso telesailean lan bikaina egin duen aktorea, eta laister Artedramaren eskutik eszenatokian antzezlan berri batekin izango dena.

Ohorezko saria

Alazne Astorga, Ima Koiote, Mirena Nafarrete eta Jaione Urtasun izan dira XX. Besarkada Sariaren galako aurkezleak, eta berau Hodei Arrastoak eta Kepa Errastik zuzendu dute.

Bilboko Campos Eliseos Antzokiko taula gainera igo dira Golden Apple Quartet taldeko kideak, musika eta umorea uztartuz ikuskizuna eskaini baitzuten. Hain zuzen ere, Ohorezko Saria eman zaio taldeari, hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea aitortuz.