Urriaren 4an Gentzane Martínez de Osabak eta Alexander García de Vicuñak zuzendu duten Señales de vida: Néstor Basterretxea dokumentala emango dute. Hurrengo egunean, Basterretxeak berak zuzendutako film laburren saioa egingo da. Bata zein bestea 19:00etan hasiko dituzte.
Maiatzaren 6an 100 urte bete dira Nestor Basterretxea artista jaio zenetik, eta haren ekarpena aldarrikatzeko asmoz, Euskal Herri osoan zehar programa, ziklo eta erakusketa bereziak antolatu dituzte. Hain zuzen ere, 20 kultur erakunde eta entitate baino gehiagok bat egin dute XX. mendeko bigarren erdiko lengoaia plastiko eta bisualen berritzaile nagusietako bat izan zenaren ondarea zabaldu eta gogorarazteko.
Tabakalerak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak, esaterako, Gentzane Martínez de Osabak eta Alexander García de Vicuñak zuzendu duten Señales de vida: Néstor Basterretxea proiektatuko dute, urriaren 4an, kultura zentroko zinema aretoan. Lanak 77 minutuko iraupena du, eta artistaren bizitza eta lana behatzen du, Basterretxeak 89 urte zituela eta bere bizitzaren une garrantzitsu batean: Bilboko Arte Ederren Bilboko Museoan egingo zen bere azken atzerabegirakoaren atarian. Bere ibilbidea eta artearekin zuen harremana aztertzerakoan artistaren baitan agertu ziren kontraesanak islatzen ditu dokumentalak eta bere lanak euskal kulturan izan duen inpaktuaren ikuspegi intimo bat eskaintzen du.
Hurrengo egunean, Basterretxeak berak zuzendutako film laburren saioa egingo da. Aurretik, bere lan zinematografikoaren funtsezko lagin bat erakutsiko dute, artistaren artxiboa ikertu duten Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Andoni Imaz eta Matías Fajn ikasleek aurkeztuta.
FILMOGRAFIAK | Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert
Fernando Larrukertekin 1966an zuzendu zuen Alquézar. Retablo de Pasión lanarekin hasiko dute programa, garaiko tradizio erlijiosoen estetika eta formetara eginiko gerturatze espresionista bat proposatzen duena. Larrukertekin batera ondutako Pelotari (1964) ere egongo da ikusgai, euskal pilotari egindako omenaldia. Bertan, pilotaren dimentsio fisikoa esploratzeaz gain, euskal kulturan duen pisu sinbolikoa ere aztertu zuten. Hirugarrenik, Operación H (1963) emango dute, Basterretxearen eta filmean parte hartu zuen Oteizaren ibilbideetan funtsezkoa izan zena.
Azkenik, izenbururik gabeko film enigmatiko eta laburrak itxiko du programa, irudi abstraktu eta iradokitzaileen bitartez emozioak transmititzeko Basterretxeak zuen gaitasuna agerian uzten duena. Obran, aldizkari ilustratuetako hainbat argazki ikus daitezke, baita egileak berak zuzenean egindako collage batzuk ere.
Hondarribian ere emanaldiak
Gaur bertan, Hondarribiako Kultur Etxean ‘Nestor Basterretxea eta irudia’ programaren baitako saioa egingo dute ere. Punto de Vista Jaialdiak eta Oteiza Museoak elkarlanean antolatutako ikus-entzunezko hurbilketa da, Gasteizko Artium Museoan ere ikusgai izan dena.
19:00etan ekingo diote saioari, eta aipatutako Alquézar. Retablo de Pasión, Operación H eta Sin título-rekin batera, Peio Aguirrerek ondutako Un retrato de NB eta Jesús Mari Palaciosek Tarragonako Lan Unibertsitate zaharraren memoriara egindako LABO ere proiektatuko dituzte, Lehenak Basterretxearen bere argazki artxiboaren material originala baliatzen du; bigarrenak, garaiko irudiak eta arkitekturaren eta hainbat artistak (Basterretxeak barne) eginiko adierazpen plastikoen egungo erregistroak konbinatzen ditu.
Hilaren 10ean, aldiz, Ama Lur (1968) dokumentala egongo da ikusgai, Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan. Lurraren eta gizakiaren ikuspuntu propioa azaltzen du lanak, ehun menderen ondoren kokapen berean herri bezala gauzatu den eta bizimodu aktiboa eginez bere nortasuna garatu duen herriarena.