Bilboko Azkuna Zentroaren Zinematekak mangatik egokitutako live action filmak ardatz izango dituen ‘Mangatik Zinemara: Japoniar Zinema Garaikidearen Zikloa’ programaren bigarren edizioa aurkeztu du. Urriaren 8tik 28ra bitartean, zazpi emanaldi hartuko ditu.
Zinema bitarteko ezin hobea da gizarte batera hurbiltzeko, gizarte bat ezagutzeko. Kasu honetan, Azkunaren Zinematekak Japoniako gizarte garaikidean sakontzeko aukera eskainiko du, hango kezkak, pertsonarteko harremanak, eguneroko bizitza… ezagutzeko. Hain zuzen ere, ziklo honetako filmek xehetasun eta historia txikiak bildumatuko dituzte, pertsonaien arteko harremanak edota ingurune konplexuak oinarri harturik.
Bada, Japonia Fundazioarekin lankidetzan atondu dute mostra, azken hamarkadetako ikus-entzunezkoen japoniar ekoizpenaren erakusgarri izateko helburuarekin, eta zazpi film erakutsiko dituzte bertan. Lan horietako batzuk, gainera, Tokioko Japan Foundation erakundearen artxiboetatik eratorriak dira, eta ez dira orain arte Europako zinemetan erakutsi.
Klasiko handi baten proiekzioarekin emango diote hasiera, datorren urriaren 8an: Shurayukihime/Lady Snowblood (1973), Toshiya Fujita zuzendariarena. Historiako live action onenetakotzat hartua da thriller hau; Kazuo Koikek idatzitako manga bat du oinarri, eta Quentin Tarantinok Kill Bill filma sortzeko erabilitako inspirazio-iturri nagusia izan zen.
Zikloko filmen zuzendarien artean japoniar zinemako sona handiko egileak daude, hala nola Hirokazu Koreeda japoniar zuzendaria, Umimachi Diary/Gure arreba txikia (2015) lanaren sortzailea. Cannesko Jaialdiko Urrezko Palmondoa irabazteko lehiatu zen film hori, eta Donostiako Zinemaldian ere aurkeztu zuten. Familia baten erretratua da, Akimi Yoshida mangakari kritikaren aitortza ekarri dion izen bereko mangan oinarritua.
Susumu Mitsunakak berriki aurkeztutako Gekijôban Haikyu!! / Gomi Suteba no Kessen (2024) ere proiektatuko da. Duela hamar urte baino gehiago hasitako Haikyuu!! telesailaren zinemarako egokitzapena da, eta boleibolari buruzko animazio-film bakarretakoa.
Azuma Morisaki ere ageri da programan; zehazki, haren Pekorosu no haha ni ai ni iku / Pecoross’ Mother And Her Days (2013) filma. Yuichi Okanoren manga autobiografiko batean oinarriturikoa, Japoniar gizarte gero eta zahartuagoko familia-egoera konplexuak ditu aztergai.
Telesail batean oinarritua da, halaber, Machida-kun no sekai / Almost a Miracle (2019), Yuya Ishii zuzendariarena. Hain zuzen ere, Yuki Andoren Machida-kun no Sekai mangan (2015-2018) du jatorria, mundu-ikuskera antagonikoa duten bi neraberen arteko erlazioa ardatz duen traman.
Zikloaren programa bi lan hauekin amaituko da: Yuichi Fukudaren Wotaku ni koi wa muzukashī / Love is Hard for Otaku (2020) komedia erromantikoa, erabateko otaku bat dela ezkutatu nahi duen pertsonaia baten lan-harremanak erakusten dituena, eta Kazuhito Nakaeren Kinō Nani Tabeta? / What Did You Eat Yesterday? (2021), sukaldaritzarako zaletasuna duen bikote gau baten erlazioari buruzkoa.
Ikusi emanaldi bakoitzaren data eta xehetasunak, HEMEN.