11 film pantailaratuko dituzte urriaren 21etik 26ra bitartean egingo duten jaialdian. Euskal zinemaren etorkizuna eraikitzen aktiboki parte hartzen ari diren emakumeen talentu berritzailea aitortuko duen Bihargi EiTB saria banatuko dute aurrenekoz.

zinemakumeak_29

Gracia  Querejeta zinema eta telebistako zuzendari eta gidoilariari omenaldia eginez abiatuko dute, urriaren 21ean, Zinemakumeak gara! mostraren 29. edizioa, Bilbon. BBK Aretoan, 19:00etan, Simone de Beauvoir saria jasoko du, eta ostean, Dahomey (Mati Diop) filma pantailaratuko dute.

Egun berean, Bihargi EiTB saria banatuko dute aurrenekoz; euskal zinemaren etorkizuna eraikitzen aktiboki parte hartzen ari diren emakumeen talentu berritzailea aitortzeko helburua dauka.

Hurrengo egunetan, Azkuna Zentroko Golem Alhondiga zinemetan, emakumeek zuzendutako naziaoarteko lan onenak pantailaratuko dituzte, besteak beste, All We Imagine As Light (Payal Kapadia), Bird (Andrea Arnold), Girls Will Be Girls (Shuchi Talati) edota Rock Bottom (María Trénor). 11 izango dira ikus-entzunezko proposamenak guztira, eta tartean, zinema argentinarrari keinu egingo diote Maria Luisa Bemberg eta Lita Stanicen filmografiei errepasoa emanez.

Gainera, urtero legez, mostra hasi aurretik, TRAMAk (emakumeek egindako zinema, bideo eta multimedia-jaialdien koordinatzailea) antolatuta, Film laburrak femeninoan saioa hartuko du egitasmoak. Bilbao Arten egingo dute, urriaren 17an, 18:30ean: Colorado (Sandra Gallego, Pilar Gómez), Estigma (Aida Argüelles), Hábitat (Elena Escura), Intercambio (Amaia Yoldi) eta Mentiste Amanda (Eva Libertad eta Nuria Muñoz).

Jarduera osagarriak

Jaialdia hasi aurreko astean, begirada feminista duten bi tailer eskainiko dituzte Bilboko BBK Kuna gunean. Irudiak genero ikuspegitik nola aztertu jorratuko dute urriaren 14an eta 15ean. Hurrengo egunean, 1978ko Emakumeek Zuzendutako Zinema Zikloa izango dute abiapuntu.

Dagoeneko mostraren egunetan, Belén Gopegui idazle, pentsalari eta gidoilariaren eskutik, kulturari, zentzuari, botereari eta eraikuntza kolektiboari buruz hausnartzeko aukera egongo da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan (urriak 22). Hurrengo egunean, Kudeaketa emozionala zaintza-garaian izenpeko mahai-ingurua egingo dute.

Ezagutu egitaraua, osorik, hemen.