Lusers de bohemia taldeak ondutako marmolista.com el portal innecesario film laburrak irabazi du aurrenekoz antolatu duten lehiaketa. Bigarren saria AP-68 Peliculas taldeak sortutako Un trabajo de muerte obrarentzat izan da.

Bilboko hilerria lehiaketa-irabazleak

Kultura-sorkuntza suspertzeko eta tokiko kultura zein ondarea sustatzeko plangintzaren baitan, Bilboko Udalak ikus-entzunezko lehiaketa berezia jarri du aurten, lehenengoz, martxan. Udal Hilerriko ondarea oroitzea izan du irailaren 20tik 22ra bitartean ospatu den egitasmoak xede, eta 48 ordutan, parte hartzaileek ideia pentsatu, gidoia idatzi eta gehienez 3 minutuko iraupena duen obra filmatzeko erronkari heldu diote. Azkenerako 15 talde aurkeztu dira ‘Bilboko Hilerria’ – Film Laburren I. Lehiaketan, eta bi sari banatu ditu epaimahaiak.

Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotzi ordezkariak; Iñigo Gómez Fernández zinema zuzendari bizkaitarrak, eta Ivan Miñambres UNIKO ekoiztetxeko zuzendariak; eta Eugenio Puerto Bilboko fantasiazko zinemaren jaialdiko programazio zuzendariak osatu dute epaimahaia: “Lehiaketak artista parte-hartzaileen sormena eta gogoa piztu du, heriotzarekiko tabu soziala apurtzea bilatzen duten kontakizun hunkigarri eta askotarikoak sortuz, gure hildakoei eta maiteen elkartasun leku gisa erakutsiz. Bilbon bizi izan zen jendearen oroitzapenak betiko gordeko dira obra horiei esker”.

Bada, Paula Brezo, Antonio Meléndez eta Marco Navarro kide izan dituen Lusers de bohemia taldeak ondutako marmolista.com el portal innecesario film laburra izendatu dute lehen edizio honetako irabazle, eta sortzaileek 1.000 euro jaso dituzte opari. Ikus-entzuleen lan gustukoena ere izan da.

Bigarren saria AP-68 Peliculas taldeak sortutako Un trabajo de muerte obrak irabazi du, eta kideek 500 euro jaso dituzte. Gazte Zuzendaritzaren aitortza ere banatu dute, 18 urtetik beherako gazteek zuzendutako lan onenari: Campanera, Gabiluk taldearena.

“Lehiaketaren lehen edizioa izateko, uste dugu erantzuna positiboa izan dela. Aurkeztutako lanek hilerriaren dibertsitate soziala eta egungo pertzepzioa adierazten dute. Harrera onak ildo horretan lanean jarraitzera animatzen gaitu. Gainera, aurkeztutako film laburrek jasotzen duten istorioak beste ikuspegi batekin ikusarazi digu lekua; eta hori zen helburua”, adierazi du Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotzi delegatuak.