24 film labur pantailaratuko dituzte urriaren 9tik 12ra bitartean. Tartean dira Lucía (Marta Etura), Betiko gaua (Eneko Sagardoy), Ximinoa (Itziar Leemans), Utländsk (Alba Lozano), Escrito por IB (Ibon Hernando) eta Normas de higiene (Amaia San Sebastian) ekoizpen euskal herritarrak.

donosskino 2024

Kristonkino ikus-entzunezko fikziozko kolektiboak 2024ko Donosskino – Donostiako Film Laburren Festibala aurkeztu du. 22 lan izango dira ShortZinema atalean lehian, eta horiek Antzoki Zaharrean pantailaratuko dituzte, urriaren 9tik 12ra bitartean. Lehen hiru hitzorduetan, 19:30etik aurrera egongo dira ikusgai film laburrak, eta sari banaketarekin agurtuko dute jaialdiaren zortzigarren edizioa azken egunean.

Drama, umorea, suspensea, gainditze-istorioak eta pertsonaia historikoak dira jorratuko dituzten ardatzak, eta horien artean, hainbat ekoizpen euskal herritar egongo dira. Aktore izatetik zuzendaritzara salto egin duen Marta Etura donostiarrak Lucía aurkeztuko du; Eneko Sagardoy durangarrak pausu bera egin du Betiko gaua lan sarituarekin. Hirugarrenik, Itziar Leemansek 2023ko KIMUAK katalogoan hautatua izan zen Ximiñoa ekarriko du festibalera.

Aurtengo bilduman sartu duten Utländsk (Alba Lozano) ere egongo da ikusgai, baita Ibon Hernandoren Escrito por IB komedia eta Amaia San Sebastianen Normas de higiene ere.

Aipatutakoak ondorengo lanekin lehiatuko dira:  Lemon tree (Rachel Walden), Pena’s Special Hauling (Anssi kasitonni), The wake (Luis Gerard Gonzalez), La asistente (Pierre Llanos), Nada de todo esto (Patricio Martinez, Francisco Canton), La ley del mas fuerte (Raul Monge), Don’t even know you (Anna Volosnik), Sabado (Andrea Casaseca), La Snob (Kristina Lauren Anderson), Cuarentena (Celia De Molina), La reina del Pop (David Goñi Artigas), Lava (Carmen Jimenez), We’re Still Here (Larissa Murai, Matheus Malburg), Quién llama (J.A Villalobos), La compañía (Jose Maria Flores) eta The Fruter And The Husband (Nacho Barcena Martin).

DNSSK Gogokoenak

Lehiaketaz kanpo bi film labur erakutsiko dituzte aurten. Batetik, Nacho Vigalondoren 7:35 de la mañana-ri omenaldia egingo diote. 2004ko Oscar sarietan film labur onenaren izendapena lortu zuen, eta nazioarteko 60 sari baino gehiago irabazi ere. Zortzigarren Donosskino jaialdiko kartelean ere erreferentzia egin diote antolatzaileek Vigalondoren lanari. Bestetik, Álex Lora kataluniarraren Gran Obra film laburra estreinatuko dute, 2024ko Sundance jaialdiko epaimahaiaren sari nagusia jaso duena.

Sari-banaketa ekitaldia urriaren 12an egingo dute, eta Sergio Arrospide umoregileak gidatu eta aurkeztuko du. Epaimahaikideek –Amaila Lizarralde aktore eta gidoilaria; Jonathan Sedeño Ozzinema zineklubeko programazio arduraduna eta Errenteriako Giza Eskubideen Jaialdiko zuzendaritza taldekidea; Ioseba Imanol Vilas Donostiako pantailetako ohiko moviegoerra- irabazleen berri emango dute, banatuko dituzten lau sariak argituz: film labur onena, interpretazio onena, euskal film labur onena eta ikus-entzuleen saria.

Donosskino – Donostiako Film Laburren Festibalaz gozatu nahi dutenek gonbidapena eskatu beharko dute ezinbestean. Horiek Antzoki Zaharreko leihatilan jaso daitezke doan, urriaren 9tik aurrera (11:30-13:30 / 17:00-20:00).