Zuzendaria: John Crowley
Urtea: 2024
Herrialdea: Erresuma Batus
Saila: SAIL OFIZIALA (amaierako filma, lehiaz kanpo)
Two for the Road (1967) klasikoaren, eta nolabait, Stanley Donenen maisulan honen berrirakurketa garaikidea proposatu zuen Ricordi? (Valerio Mieli, 2018) italiarraren ildoa jarraituz, 72. Donostia Zinemaldiko sail ofiziala ixtera etorri zaigu WE LIVE IN TIME. Aipatutako bi lanotan bezala, bikote batek denboran zehar bizitako momentu, maitasun eta zorigaitzek harilkatuko dute kontaketa, tour-de-force tristea eraikiz.
Drama erromantikoaren kodeei segika, eta komedia puntu sinpatiko eta atseginari uko egin gabe, Almuten (Florence Pugh) eta Tobisasen (Andrew Garfield) istorioa ekarri digu John Crowley zinemagile irlandarrak, nola ezagutu ziren, bikote harremana, lehen alabaren jaiotza, eta batez ere, elkarrekin aurre egin beharreko herioaren kontrako borroka.
Argumentuaren funtsezko garapenarekin ez ezik, pertsonaien haustura emozionalak eta fisikoak erakusteko narratiba hautsiarekin ere bat dator WE LIVE IN TIME. Izan ere, istorioaren joan-etorriak zatikatuan, planteatuko dizkigu. Hau da, ez ordena kronologiko tradizionalean, baizik eta protagonisten bizitzako pasarteak puzzlea erraldoi bateko piezen modura sartuz.
Horiek guztiak balioesten eta sufritzen ikasiko dute pertsonaiek, eta ikus-entzuleak sentituko du negarrari ezin eutsia. Bi aktore protagonisten interpretazio sentiberak bihotzean gu kolpatzeko eraikita daude, eta bizitzen jarraitzeko gogoa, sugarra, motibazioa eta esker ona transmitituko dituzte.
Drama ilunez osatutako sail ofizialari bukaera elegantea eman dio WE LIVE IN TIME filmak. Akaso, ez digu maitasun istorio berritzailerik kontatuko, baina ikusteko gustagarria da, arrastoa utziko duena.
Leave A Comment