Zuzendaria: Gia Coppola
Urtea: 2024
Herrialdea: AEB
Saila: SAIL OFIZIALA
Showbusiness delakoaren erretratu gordina da The Last Showgirl, argi eta pailetetatik harago, zirku bat bezala irudikatzen duena, bere soka bigun, ekilibrio eta kaiolekin. Hogeita hamar urte luzez horretan aritu ondoren, egun batetik bestera Le Razzle Dazzle itxiko dutelaren berri lazgarria jasoko dute gauero bertan aritzen diren dantzariek. Ezusteko honen aurrean, beren bizitza birplanteatu beharko dute, Shelley protagonistak batez ere. 57 urte ditu, eta bere edertasuna jada ez da hasi berrienen pareko. Aspaldian ikasitako hura ez da nahikoa akrobaziak, edertasuna eta gaztetasuna saritzen dituen industria matxista horretan biziraupena bermatzeko.
Hala, zalantzazko etorkizun baten aurka borrokatu beharko du. Eta, paraleloan, alabarekin duen harreman korapilatsua konpontzen ahaleginduko da ere, bere karrera idealizatuaren mesedetan, bigarren mailan utzi baitu bizitzaren une askotan. Hauxe dugu, berriro ere, auzitan jarritako emakume baten istorioa: “Ez dut inoiz irabaziko”, dio Shelleyk filmeko une batean, emakumea izate hutsagatik, beti kanpo begirada kritikoen menpe egongo dela ondorioztatzen duenean.
Eta horrela egiten du bat Coppolaren Showgirlarenak emakume artistak zahartzean nola baztertzen diren salatzen duten beste zuzendari batzuen lanekin. Oraingoan, ordea, bada alderik: aurrekari horiek –The Substance, esaterako- lan muturrekoak eta groteskoak diren bitartean, tonu malenkoniatsua eta ezkorra da nagusi The last show girl filmeko diskurtsoan.
Eta, halaxe, klausuraren atarian, topatu dugu harribitxi indie txiki bat gutxien espero genuen tokian. Istorio eder eta hunkigarri bat aurkezteaz gainera, Coppolak Pamela Anderson berpiztu eta bere bizitzako papera eskaini dio. “Bere bizitzako papera”, diot, neurrira jositako pertsonaia eraiki duelako harentzat -antzezten ari da?-, baina baita Andersonek pultsua onartu eta performance ikusgarria burutu duelako ere.