Euskal zinemaren izen handietako bat dugun Ane Gabarain goraipatzea erabaki du Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak biltzen dituen Gure Zinema plataformak. Ekitaldia 72. Donostia Zinemaldiaren baitan egin dute, eta Elena Irureta lankide eta lagunaren eskutik jaso du saria.

Gure Zinema_2024_1

Ikus-entzunezkoen industria osatzen duten lanbide guztiak banan-banan zerrendatu ondoren, zinemagintzako “langile guztiei” eskaini die Ane Gabarain aktoreak II. Gure Zinema Saria: “Hau talde-lana da, nahiz eta batzuek soilik agertu pantaila aurrean”. 40 urteko lanbidearen ondoren, ikus-entzunezko ekoizpen baten atzean dauden profesional guztien elkarlanari balioa eman nahi izan dio, eta eragile guztiak aipatu ditu: ekoizleak, gidoilariak, makillatzaileak, jantzien arduradunak, elektrikoak, laguntzaileak, gidariak eta teknikariak, besteak beste. Gainera, Euskadin zinemaren industria gero eta indartsuagoa dela azpimarratu du, eta zinemaren etorkizuna goretsiz amaitu du hizketaldia.

Hunkituta, aitortu du ilusio berezia egiten diola Iruretak saria eman izana, eta honek maitasuna, konplizitatea eta miresmena adierazi dizkio: “Zuk denerako balio duzu; oso harro nago zutaz, eta hain ondo pasatzen dugu elkarrekin lan egiten dugunean…”.

Marian Fernandez EPE-IBAIAko presidenteak ere hitza hartu du ere, bi urte hauetan Gure Zinema Klubna 1300 harpidedunetara heldu dela gogoraraziz. “Gure Zinema oraindik lehen urratsak ematen ari den arren, bide onetik doa eta helburu argiak ditu: Euskadin egindako filmak aretoetara eramatea”.