Zuzendaria: Marc Ferrer
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia
Saila: Made in Spain
Toñi adin ertaineko emakume transa da. Santu mirakulutsu bati mutilaguna eskatu ondoren, Lahcen agertuko da bere bizitzan, Bartzelonara iritsi berri den gazte marokoarra, itxuraz, Toñirekin maiteminduko dena. Harreman horrek eskandalu handia, inbidiak eta mesfidantzak eragingo ditu auzo eta komunitatean.
Marc Ferrerren azken filma — aurrez D’A zinemaldian erakutsitakoa — zinemagileak oraino ondutako hunkigarriena da, akaso. Eta irrigarriena, bere sinpletasun latzean. Emakume transa eta gazte migrantea maitemindu egingo dira, eta emaitza komedia, melodrama eta musikalaren arteko bidegurutzea izango da. Eta baita normatibidade hainbaten arrakalatzea: Bartzelonako auzo baten erretratu distiratsua, ezkutuko hiriaren kronika subertsiboa izaten amaituko duena.
Maitasuna, desamodioa, desira, mingostasuna, bakardadea, pobrezia, itxaropena, zer den ez dakien horren bila dagoena, zerbait hobearen xerkan dabilena… begiratzen dakienak bakarrik ikusiko du hertzean, itzalgunean, dagoena. Eta Ferrerrek, zalantzarik gabe, badaki. Are, duintasun handiz erretratatuko ditu pertsonaia bakoitzaren argitzalak, beren bizitzetako istorio, miseria edota ilusioak ere. Eta argitasun berdinarekin aurkeztu du ere protagonistek bizi duten mundu underground eta marjinal hori, ia ezaguna, gertukoa, dugun espazioa bilakatzeraino.
Publikoa barrez, kantuz eta, agian, malkotan jarriko duen parodia, finean. Moralismo edota asmo eraikitzaileetatik urrun, gure on eta txarren, klasismoaren, arrazakeriaren, transfobiaren, maitasunaren eta bazterretan dagoen hiri baten ispilua.