Todd Phillipsek zuzendutako lanak bi saio izango ditu irailaren 28an, Victoria Eugenia Antzokian: 08:30ean eta 16:00etan. Joaquin Phoenix eta Lady Gaga dira pelikulako aktore nagusiak.
2019an berreskuratu zuen Donostia Zinemaldiak egitarauan iragarri gabeko film bat pantailaratzearen praktika. Veneziako Urrezko Lehoia irabaztetik zetorren Joker izan zen, ikus-entzuleen gozamenerako, aukeratutakoa, eta orain, badirudi zirkulua itxiko dutela. Todd Philisek istorioaren jarraipena errodatu du Joaquin Phoenix eta Lady Gagarekin, eta Donostian bertan pantailaratuko dute. Film sorpresaren emanaldiak irailaren 28an (ostirala) egingo dira, Victoria Eugenia Antzokian. Lehena, 08:30ean; bigarrena, 16:00etan.
Joker: Folie à Deux izenburu duen lanak Arthur Fleck erietxean aurkeztuko digu, Arkhamen, Joker identitatez gauzatutako hilketengatiko epaiketaren zain. Nortasun bikoitzari aurre egiten dion bitartean, Arthurrek benetako maitasuna topatu egingo du, betudabuj barnean izan duen musika deskubritzeaz gainera.
Phoenix eta Gagaz gainera, Brendan Gleeson, Catherine Keener eta Zazie Beetz ere agertzen dira filmean, eta Oscar irabazi duen Hildur Guðnadóttir konpositoreak sortu du soinu-banda oraingoan ere. Phillipsek berak ekoiztuta dago, Emma Tillinger Koskoff eta Joseph Garnerrekin batera.
2022az geroztik Antiguo Berri eraikuntza-enpresa da film sorpresaren babeslea.