Zuzendaria: Mike Leigh
Urtea: 2024
Herrialdea: Erresuma Batua – Espainia
Saila: SAIL OFIZIALA
Ohetik jaikitzerakoan, Pansyk egongelako leihora joko du eta kanpora begira jarriko da. Egun berri bat hastera doa bere bizitzan, borroka egun berri bat. Gizartearen kontrakoa, familiaren kontrakoa, norbere buruaren kontrakoa. Haserre, beti erasokor, ez dio inork adarrik joko. Haren semeak ez du etorkizunik, goibela da, handinahirik gabekoa; senarra, inkonpetente hutsa.
Mike Leigh zinemagile britainiarrak eztanda egitear den emakume baten istorioa ekarri digu, izaera bortitz, urduri eta gordinean babestuko dena. Familia-rol tradizionaletik ezin askatuta erakutsiko digu, liskarrez liskar, histrioniko(-egi, batzuetan). Mariane Jean-Baptiste aktoreak interpretatuta, filma bere gain hartuko du erabat, protagonistak bera itotzen duen karga emozional eta kritikoa egin bezala.
Istorio unibertsala dakarkigu HARD TRUTHS-ek, Pansy asko baitaude gure artean, eta egon dira, existitu dira beti. Horiei ahotsa eman die Leighek, zinema sozialaren zantzuak ahaztu gabe, maila psikologikoan sakonduz. Bere onetik aterata lehenik, eta bere baitako minean giltzaperatuta gero, emakumearen bi aurpegi erakutsiko dizkigu, funtsean, min eta eritasun beraren adiera ezberdinak direnak.
Buruan darabilenak bueltak eta bueltak emango dizkio Pansyri, eta haren zurrunbiloan eta kaosean murgildutako gaitu Leighek berriz ere egongelako leiho horren parera eramango duen arte. Oraingoan baina, ez du mugarik edo oztoporik aurkituko, berau ireki eta kanpoaldeko airea arnasteko adore izango du. Filmaren lehen pasarteko erreplika da, zerbait garrantzitsua aldatu denaren seinale, zama askatzear dela iragatzen duen sintoma.