El_llanto-zinea

Zuzendaria: Pedro Martín-Calero

Urtea: 2024

Herrialdea: Espainia – Argentina – Frantzia

Donostia Zinemaldiaren gisako jaialdi batean zaila izaten da generoko filmak aurkitzea, batez ere, sail ofizialean. Eta are, opera primak badira. 72. edizio honetan Pedro Martín-Caleroren lehen lan luzea Urrezko Maskorraren lehian sartu dute, eta oihartzun handirik gabe igaro bada ere, zur eta lur uzteko moduko proposamena ekarri digu.

Beldurrezko filmen kodeak maneiatuz, EL LLANTO-k ikus-entzuleon pertzepzioarekin jolastuko du, zoragarri. Andrea, Camila eta Marieren istorioak dakarzkigu, kapitulu edo atal banatan garatutakoak, baina lotura argumental zein politikoa dutena. Gizon misteriotsu bat segika dutelakoan, beldurrak jota eromenak hartuko ditu, baina inork ez die sinetsiko.

Tentsioa sortu eta mantentzeko narratiba bikainari esker, eta detaile formal inteligenteez babestuta, zinemagile espainiarrak gizartearen gaitz kronikoetan sakondu du, indarkeria sistematikoarenean zehazki. Belaunaldiz belaunaldi, herrialdez herrialde errepikatzen doan praktikari pesimismoz heldu dio, terrore psikologikoa pertsonaia nagusiengan txertatuz.

Eraikin erraldoi bat, negar bat, presentzia ikusezin bat, eta berau salatuko duten kamerak. Hiru istorioak konektatuko dituzten elementuak dira, Martín-Caleroren tesia gorpuzteko baliabideak. Hala, Michelangelo Antonionik Blow Up (1966) filmean orduko gizarteari eta irudien existentzia eta irakurketei buruz planteatutako hausnarketa gaurkotua ondu du. Italiarraren laneko protagonistak argazkiak atera eta horiek handitzen zituen antzera, EL LLANTO-ko pertsonaiek mugikorrarekin zein bideokamerarekin erregistratutakora behin eta berriz itzuliko dira, egia ote den edo beren baitan sortutako fantasia den ezin ulertuko dutelakoan.

Errealitatea desitxuratzen du begiradak? Iritsi gaitezke benetan hautemandakoa ezagutzera? Beren beldurretan harrapatuta daude Andrea, Camila eta Marie, baina baita ezagutuko ez ditugun hainbat eta hainbat emakume isildu ere. Mehatxatzen eta erasotzen dituen presentzia horiengandik askatzea ia ezinezko zaie, beharbada inoiz ez dugulako jakin horien ahotsa sinesgarri egiten.