Zuzendaria: Albert Serra
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia – Frantzia – Portugal
Saila: SAIL OFIZIALA
Argiak itzaltzearekin batera eztanda egingo digu buruak. Zezen baten hilketa. Beste bat, gero berriro, eta horrela bi ordu luzez. Albert Serra kataluniarra ez da bereziki zinemagile diskretoa, polemika maite du, horren bila ez badabil ere. TARDES DE SOLEDAD filmarekin etorri da Donostiara, aurrenekoz Urrezko Maskorra irabazteko hautagai delarik, baina zail izango du epaimahaia konbentzitzea. Film deserosoa da, desatsegina.
Tauromakia ez da gai erraz bat. Serrak berau jorratzeko bidea ezta. Bere gainerako filmekin erabat sinergian dago eszenaratzeari dagokionez, zalantzarik ez, zinemaren baliabideen gaineko hausnarketa linguistikoa planteatuko baitu. Zezenak, toreroak, odola, performance-a, biolentzia… kataluniarrarentzako aitzakia dira, gustatu ala ez. Inoiz ikusi gabekoa erakutsiko du sortzaileak, barru-barrutik; erromantizazioa saihestea ia ezinezkoa egingo zaio, baina ez du praktika goratuko.
Kamera baliatuz, giza-begiak ikusten ez duena bilatu nahi du Serrak, tresna egokia da horretarako. Aurreikusitako gidoi itxirik gabe, filmaketa orduak pilatu, eta muntaketa gelan eman die forma atmosfera, erritual, begirada gurutzatu eta toreroen arteko sinergiari. Andrés Roca Rey eta haren kuadrilla ezagutuko ditugu, mundu ‘fantastiko’ batean murgilduta, eta unean sortutako zorizko momentuak, inpultsoak, posibilitateak dira bihotza.
Adierazkortasunaren edertasunean jarri du fokua sortzaileak. Zinemaren zerbitzura, eta ez tauromakiarenera. Zezenketetan ezkutatutako mikrofonoekin, eta gerora eraikitako soinu-paisaia batere errealistarekin, kamera mugimendu eta angelu bortitzekin praktika errepikakorra guztiz abstraktu bihurtuko du.
Ulerkorra da TARDES DE SOLEDAD ikusteko nagia, eragin dezakeen nazka eta gorrotoa, baina argi izan behar dugu, kritikariok behintzat, zeren aurrean gauden. Gaia gustuko ez dugulako erabaki dezakegu boikota egingo diogula? Bat al dator lan eta betebehar profesionalarekin? Etikoa eta morala al da filma ukatzea? Hausnarketarako leihoa irekita dago, eta bere intentzioa izan ez bada ere, Serrak horretara bultzatu gaitu. Nire partetik, zinemagilearen zintzotasuna errespetatzea aukeratu dut, aurkeztutako filma bere horretan defendatzea (ez ideologikoki, baizik eta profesionalki).