Zuzendaria: Costa-Gavras
Urtea: 2024
Herrialdea: Frantzia
Saila: SAIL OFIZIALA
Zinema sozialari eta politikoari bizitza eskainitakoa da Costa-Gavras; egun, erreferentziako sortzailetzat dugu Dardenne anai belgikarrekin eta Ken Loach britainiarrarekin batera. Garaian garaiko gizarte gaietara erabat irekita, jatorri greziarreko zinemagile frantziarrak ez du sekula bere konpromiso eta militantzia ezkutatu, eta haren filmek zeharo astindu gaituzte hamarkadaz hamarkada.
Europar Batasunaren zinismoari eta Yanis Varoufakis politikari entzutetsuari buruzko Adults in the Room (2019) lanarekin erretiroa hartzeaz zela uste genuen, baina indartsu dagoela erakutsi digu Zinemaldian, 91 urterekin. LE DERNIER SOUFFLE filma aurkeztu du sail ofizialean, eta aipatutako obran bezala, hemen ere hitzari eman dio lehentasuna. Bestelako patxada, ikusmira eta sentsibilizazio batetik.
Fabrice Toussaint (Denis Podalydès) idazleren eta Augustin Masset (Kad Merad) doktorearen arteko elkarrizketa zein hartu-emanak dira filmaren gidari. Lehenari, azterketa mediku batzuk egin ostean beldurra sartuko zaio gorputzean orbain bat aurkituko diotelako; bigarrenak haren gaixoengana eramango du, horiek ezagutu ditzan.
Heriotza gai nagusitzat hartuta, ‘agur’-ari nola aurre egin eta beronen presentziarekin nola bizi izango dute bi protagonistek hizpide, beste nonbait horretarako bidaia. Duintasunez hiltzen gara? Costa-Gavrasek gure burua prestatu behar dugula erantzungo digu, konbikzioz, sendo eta irribarre batekin, eta ez sufrimenduz: “Azken momentu horrek duina izan behar du, tristura ezinbestekoa da, eta batez ere, nostalgia. Maitasunaren luzapena da”.
Kontaketa lineala hautsiko duten flashback-ak tartekatuz, istorio partikularrak, heriotza kasu ezberdinak, eta larritasun, malko sentikorrak planteatuko dizkigu. Denak ere, tamalez (eta lehen instantzian), maila sozioekonomiko jakineko familietakoak, eta idilikoegiak.
Pentsamendua eta praxia, filosofia eta zientzia batu ditu Costa-Gavrasek zartako emozional itzela den LE DERNIER SOUFFLE-n. Bi alorron arteko errespetua erabatekoa da, eta heriotzarena bezala gai tabu bati pazientziaz, arrazoinamenduz, heldu dio. Zinemagile beteranoak ez du hutsik egin, eta etorkizunera begira ere jarri gaitu, berak gertu sentitzen baitu azken hasperena.