Zuzendaria: Lola Arias

Urtea: 2024

Herrialdea: Argentina – Alemania – Suitza

Saila: HORIZONTES LATINOS

Antzerki munduan ibilbide luze eta saritua duen egilea da Lola Arias. Hogei urtetik gorako eskarmentua du antzezlanak idazten eta zuzentzen, eta zinemaren esparrura ere eraman du eskarmentu hori azken urteetan: bere “opera prima” izan zen Teatro de guerra (2018) ildoak berreskuratu eta anplifikatu ditu zinemagileak bigarren lana izan duen Reas eraikitzeko. Proiektu gisa, WIP Latam topaketan eman zituen lehen urratsak eta, behin filma amaituta, Horizontes Latinos sail lehiakorrean aurkeztuta itxi du zirkula.

Beren bizitzako denbora tarte bat preso igaro duen talde baten idiosinkrazia erretratatu du bertan: Yoseli (Yoseli Arias), Nacho (Ignacio Amador Rodriguez), Estefi (Estefy Harcastle), Noe (Noelia LaDiosa), Paulita (Paulita Asturayme) eta Carla (Carla Canteros) karismartikoen bizipenak. Hain zuzen ere, emakume horiek beraiek bilakatu ditu filmeko protagonista, eta pelikuletarako lokazio gisa erabiltzen den espetxe hustu batek eskainitako espazio dekadentea baliatuta birsortu dute bakoitzaren istorioa.

Ikuspegia existentzia triste eta miserable batzuen aurrean kokatu baino, protagonisten unerik onenak erretatatzea du helburu, non, pasatakoak pasata, oraindik irmoak dira haien borrokarako grina eta ametsak. Protagonistak humanizatzen ditu, nolabait. Krimenak epaitu beharrean, bakoitzak gainditu behar izan dituen oztopo sozialetan jari du begirada, emakumeak inongo aukerarik eskaintzen ez zien ingurune horren biktima gisa aurkeztuta.

Narratiba interesgarria darabil Ariasek, antzezpen lanaz gainera, kantuan eta dantzan ipini baititu aktoreak. Eta lehen minututan arrotza eta deserosoa begiztatu zaidan arren -pop estetika duen Martín Benchimolen argazkiak, gainera, akelarre hori indartu besterik ez du egiten- azkenerako erabaki gozagarria izan dela uste dut. Ezinbestekoa zen doinuak, mugimenduak, gorputzak elementu eroale bilakatzea: nola azaldu, bestela, egon daitekeela fantasiarako, jolaserako eta katarsirako tarterik ere, berez sorgorra, indarkeriazkoa eta errepresiboa den testuinguru horretan.

Izan ere, beti presente dagoen halo kitsch hori gorabehera, ez genuke ahaztu behar filma erreparazioari, gorputzari eta komunitateari buruzko gogoeta politiko eta soziala dela ere.