Zuzendaria: Pedro Almodovar
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia
Saila: DONOSTIA SARIA – EMANALDI BEREZIA
Ingrid eta Martha lagun minak ziren gaztetan. Biek aldizkari berean egiten zuten lan, baina Ingrid autofikzioko eleberrigile bihurtu zen eta Martha, berriz, gerra-erreportari. Bizi-inguruabarrek banandu egin zituzten, baina elkarren berri izan gabe igaro diren hainbat urteren bueltan, Martharen gaixotasunak elkartuko ditu berriro.
Filmaren gardentasunak eta xamurtasunak gain hartuta idazten ditut lerrook, 72. edizio honetan film gutxik utzi didaten arrastoaz. Ezer baino lehen argitu nahiko nuke zuzendari mantxarraren oso film gutxik lortu dutela nire iragazkia pasatzea -zehazki, hiruk: Entre tinieblas (1983); Mujeres al borde… (1988); Volver (2005) -. Ez naiz fan. Baina zerbaitek esaten zidan oraingoan baietz, merezi zuela egunotako filmen zerrendan amaigabe horretan tokitxoa egiteak. Bada, zuzen nenbilen. Eta hau, Tilda Swinton, zuri esker da. Banaiz fan.
Film jasoa, artifizioa eta naturaltasuna uztartzen dituena, sarri gaiari helduta datorkigun melodrama atzean utzita, bizitzaren amaieraz hitz egiten den: heriotzaren duintasunaz, minbizia bezalako gaixotasunari aurre egin “beharraz”. Baina baita bizitzaz, maitasunaz, samurtasunaz, akonpainamenduaz eta, noski, zaintzaz ere bai. Zineman eta literaturan milaka eta milaka kontakizunek erakutsi duten emakumeon arteko etsaitasun horren kontrara, bizitza errealean, etxean, auzoan, kalean, emakumeok elkarri laguntzen diogu, gure burua defendatzen dugu eta elkar zaintzen dugu. Eta eusten gaituen babes-sare ikusezin hori jarri du iruditan mantxatarrak.
Esaten duzun guztiak eta esaten duzun moduak axola duelaren jakitun, bi pertsonaia nagusi horien eraikuntzan, gaiaren trataeran, musikaren indarrean, argazkian, koloreen hautuan eta trataeran… nabari da zinemagilearen presentzia. Eta horien guztien arteko nahasketa eta ekilibrio bikaina da filma, betiere, mezu indartsu baten mesedetan.
Filmari buruz, bertan paper txiki bat duen Juan Diego Botto aktoreak botatakoak dabilzkit buruan bueltaka: Margaret Mead antropologoaren teoriaz ari da. Zibilizazioaren hasieraz galdetuta, bizidun baten gorputzean hautsitako lehen hezurra aurkitu zutenean kokatzen du une historiko hori. Izan ere, bizirik atera izanak adierazten du beste pertsona bat izan zuela ondoan, zaindua izan egin zuela… Bada, hura izan zen hasiera Meadentzat. Eta horixe da dena: elkartasuna, zaintza balio eta eskubide gisara erdigunean jartzea, alegia, zibilizazioa defendatzearen beharra aldarrikatzea. Bizitzak, bizi duinen alde.