Bound_in_Heaven-zinea

Zuzendaria: Xin Huo

Urtea: 2024

Herrialdea: Txina

Saila: SAIL OFIZIALA

Filmari titulua ematen dion izen bereko eleberrian oinarritua, Xin Huo txinatarrak Donostia Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu du BOUND IN HEAVEN opera prima. Ibilbide luzea du gidoigile bezala, eta bere idazkietan karakterizatutako narratiba poetikoa irudietara ekartzen saiatu da orain. Gaixotasun terminala duen gizon baten eta bere gizonaren jipoiak pairatzen dituen emakume baten arteko maitasun harreman iheskorra kontatuko du lanak, eragotzi ezin daitekeen heriotza baten kronika tristea.

Zinemagintza txinatarrean loratzen ari den sortzaile sorta berri baten enegarren aurkikuntza dugu Huo, seigarren belaunaldiari behingoz lekukoa hartuko diona. Landa-eremutik hirietara behin-betiko pausua emanda, aldiriak, kale-zidorrak eta espazio itxi eta klaustrofobikoak dituzte agertoki; hala gertatuko da ezbairik gabe BOUND IN HEAVEN-en. Shangai, Wuhan eta Chongping zeharkatzen dituen ibaiaren jarioa jarraituz, eta Faye Wong abeslari ezagunaren kontzertu-biraren arrastoari segika, bikote protagonista maitemindu egingo da, traizioa sufrituko dute, biolentzia, eta azkenik samina.

Patuaren legeari ezin iskin eginda, Huok su-geldoan sukaldatutako tragedia zuzendu du, eta pertsonaien sentiberatasunari, horien intentsitateari eta begirada isilei esker bilakatuko da filma erakargarri. Maila bisualean, baina, irudiaren gordintasun eta hutsaltasun estetikoak ez du ezer berririk esateko. Kamerak etengabe gogoraraziko digu ukatutako etorkizunaren aurrean daudela, eta atzera bueltarik gabeko bidaia egingo dute eternitatera.

Metroa hartuko du bikote protagonistak Shangain, ur-gainean nabigatuko dute Wuhango ferry batean, eta hiria altueretatik ikusi eta elkar maitatzeko azken aukera aprobetxatuko dute Chongpingo teleferikoan. Urte Berri Eguneko ospakizunetan festak eztanda egitearekin batera kateatuko dira bi pertsonaia goibel eta bakartiak zeruko izarretan.