On Falling-zinea

Zuzendaria: Laura Carreira

Urtea: 2024

Herrialdea: Erresuma Batua – Portugal

Saila: SAIL OFIZIALA

“Zer moduz eguna?” galderari emandako erantzuna “Beti bezala!” denean, zerbait gaizki doan seinale. ON FALLING filmeko protagonistaren erreplika da honakoa, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldarrarena. Aurora da bera, eta egun guztia lanean eman ondoren etxera itzuliko da, pisukide espainiar eta poloniarrengana. Bertan baina, ez du atsedenik eta babesik aurkituko; arazoak soilik. Ez du ezer hozkailuan (sandwich triste bat afaltzeko), ordaindu beharreko faktura mordoa, eta guzti horren gainetik, bakardade sentsazioa. Izugarria, gainera.

Laura Carreira zuzendari portugaldarrak prekarietateari, isolamenduari eta alienazioari buruzko erretratu zintzoa bezain zorrotza aurkeztu digu bere opera priman, benetako bizipenetan oinarritutakoa: Aurorak bezala, gaztetan egin zuen Edinburgora alde, migratzaile izan zen eta oso egoera txarrean egin zuen aurrera. Joana Santos aktoreak interpretatu du zinemagilearen alter-egoa, eta isiltasunetik heldu dio maila pertsonalean zein profesionalean galduta eta erabat hutsal sentitzen den belaunaldi oso baten isla izatearen erronkari.

Etxetik biltegira, eta biltegitik etxera. Bi bizitoki balitu bezala, Carreirak pertsonaiaren deskonexio sozialean sakondu du ON FALLING-en, kapitalismo basatienaren biktima dela erakutsiz. Emakumeari harreman oro, maitatzeko aukera oro, ukatuko dio, eta horrela bizitzeak daukan zama/karga psikologikoaz galdetuko digu.

Narratiboki zein formalki zinema sozialari egozten zaion arima gordin itsutik aldenduko da, baina indar berarekin kolpatuko gaitu emozionalki; hunkitu egingo gaitu filmaren ezkortasun errealistak. ON FALLING-ek erakusten duen biolentzia ez da esplizitua eta espektakularra izango, baizik eta zeharkakoa, sotila, isila. Hala, Aurora protagonistaren patua, eta errepresentatzen duen belaunaldiarena keinu txikien menpe egongo da bere patua. Antiheroi garaikidea, sufritzera kondenatuta dagoena.