Zuzendaria: Celia Rico
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia
Saila: MADE IN SPAIN
Zinema espainiarrak birplanteamendu estetiko eta filosofikoa bizi du pandemiaz geroztik. Ikusi besterik ez dago azken urteotan hartu duen norabidea, hirigune zalapartatsuetatik ihesi, landa-eremuetan aurkitu baitute babesa hainbat zinemagilek. Eta batez ere, hasiberriek. Dozenaka zenbatu daitezke beren lehen edo bigarren film luzeak ingurune natural, lasaigarri eta (ia kasu guztietan) uda garaian girotu dituztenak; emaitza adierazgarrienak 2022an ezagutu bagenituen ere, emari oparoaz gozatzeko aukera izan dugu ordutik.
Film guztiak aipatzen jarri beharrean, sorta berezia dakarkizuet hemen –Alcarrás (Carla Simón), Tenéis que venir a verla (Jonas Trueba), Notas sobre un verano (Diego llorente), Las chicas están bien (Itxaso Arana)- denek ere bestelako lotune bat partekatzen baitute. Eric Rohmer maisuaren eragina nabari da horietan, berriki Malagako Zinema Jaialdian saridun izan den (Epaimahaiaren Sari Berezia eta taldeko emakume aktore onena) LOS PEQUEÑOS AMORES filmean bezala. Frantziarraren lanetan konstanteak diren hainbat aztarna ageriko dira Celia Rico zinemagilearen bigarren film luzean, hala nola, giro udatiarra, lagun edota senideen arteko hizketaldiak (pertsonaiek beren bizitzaz egiten dituzten kontakizunak), eta nola ez, literatura zein zinema aipamen ugari.
Rohmerrek uste zuenez, ikusezina dena erakusteko gai da zinema, eta Ricoren obran ere sumatuko dugu hau. Ani eta Teresa ama-alabek (Adriana Ozores eta María Vázquez, hurrenez hurren) oporrak Madrildik kanpo elkarrekin pasa beharko dituzte, lehenak istripu txiki baten ondorioz hanka bihurritu eta guztiz menpeko bihurtu delako. Zinemagile sevillarraren opera primaren ildoa jarraituz -nahiz eta Viaje al cuarto de una madre-k (2018) zuen indarra eta intentsitatea lausoagoak izan-, bi protagonisten hartu-eman hotzak gidatuko du istorioa, elkarri esateko diotena baino, inoiz esan ez diotenak eta denboraren joanak larritutako komunikazio falta ageriko eginez.
Sentimendu isilek ehundutako filma da LOS PEQUEÑOS AMORES; hitzak faltan daude alegia. Hutsuneak eguneroko ekintza txiki eta errepikakorrek beteko dituzte, pintura zuri eta apalak zaharberritzen ari diren etxeko paretetako arrakalak estaliko dituen bezala (metafora bisualak ez du azalpenik behar). Bitartean, pixkanaka-pixkanaka areagotzen doazen desenkontruak erakutsiko zaizkigu erritmo narratibo bikainean, eta eguzki itogarriaren pean, iraganeko zauri emozional, fisiko eta estrukturalak azaleratzen joango dira, ama-alabak azkenerako elkarrengandik ustez baino hurbilago daudela konturatuko garen arte.
Batak zein besteak pantailak izango dituzte ihesbide (eta nork ez, gaur egun?). Izan ere, telefono mugikorrean eta tablet gailuan amilduko ditu Ricok bi pertsonaia nagusien ilusio faltsuak, amets utopikoak eta etorkizun frustratuak. Gauzak horrela, maila pertsonalean zein profesionalean galdutako aukerei eta porrot egitearen beldurrari buruzko hausnarketa garaikidea ondu du zinemagileak. Munduan egokitu zaigun tokiarekin konforme egon ez eta alde egiteko aukeretan -Rohmerri enegarren keinua eginez, zorian eta probabilitatean- fedea izateaz ari zaigu, hala, LOS PEQUEÑOS AMORES berbetan.