Zuzendaria: Iair Said
Urtea: 2024
Herrialdea: Argentina – Italia – Suiza
Saila: NEW DIRECTORS
Iair Said zuzendari eta gidoigilearen -istorioaren protagonista ere bada- bigarren film luzea, aitaren heriotzaren ondoren egindako hausnarketetan oinarritutakoa: tragikomedia konbentzional eta kostumbrista bat, eutanasia, zahartzaroa edo bakardadea bezalako gai arantzatsuei umore sotilez heltzen diena.
David, langile klaseko gazte judutar homosexuala, Europatik Buenos Airesera itzuliko da osaba hil zaiolako. Senidearen agurrari aurre egin beharrarekin nahiko ez, eta amak aitaren arnasgailua deskonektatzea erabaki duela jakingo du. Aspalditik egoera begetatibo iraunkorrean -koma itzulezina- aurkitzen den gizona bizirik mantentzen duen haria etetera doala, alegia. Buenos Airesen egunak aurrera doazen bitartean, amarekiko elkarbizitza intimoaren espektatibak bete eta estutasun existentziala betetzeko gogo biziaren artean dantzari arituko da, aita bisitatzera joatearen aukerari izkin egiten dion bitartean.
Filmaren plano bakoitzak islatzen duen arintasunean eta patetismoan bada zerbait erakargarria. Zuzendariak badaki, eta lehen eszenatik jolasten du horrekin: bere aurkezpen-gutuna da. Larria izan zitezkeen kontu pertsonal guzti horiek, arin bilakatzen dira Saiden filmean, dena komediaren iragazkiaz ikusiko balu bezala, eta horren adibide dira protagonistaren sexu bulkadak, une zailenetan, bizitzari gogor eusteko helduleku gisa darabilzkienak.
Finean, ideia desberdinen lotura da filma, inongo kontakizun-haririk jarraitu gabe agertzen doazenak: David lodia da, homosexuala eta judutarra; harreman arraro samarra du sexuarekin eta beldurra dio ondo maitatua ez izateari eta, ondorioz, bakarrik gelditzeari. Ez dirudi ezaugarri horiek elkarren arteko lotura berezirik dutenik, edo bereziki relebanteak direnik ere ez; baina, era berean, guztiak ezibestekoak dira pertsonaia eta istorioa ulertzerako orduan.
Argi dago emozioekin jolastu nahi duen film baten aurrean gaudela, bizitzaren inguruan hausnartzera eraman nahi gaituen saiakera. Eta akaso hori du sekretua: norberak hoberen datorkion horri heldu behar diola, eta, ahal dela, eramaten utzi.