Zuzendaria: Naia Laka Arrizubieta
Urtea: 2024
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: ZINEMIRA
Euskal zinemaren loraldia bizi omen dugun honetan, euskal zinemagileak nondik gatozen, nor garen eta nora goazen arakatzen hasi dira beren filmetan. Josu Martinez ikerlariak bota zuen lehen erronka, euskarazko aurreneko lanaren bilaketa dokumentatu eta Gure Sor Lekuaren Bila (2015) dokumentalean jaso baitzituen deskubrimenduak. Ostean etorri, esaterako, dira Iratxe Fresnedak Mirentxu Loyarte aitzindariari buruz ondutako Irrintziaren Oihartzunak (2016) eta euskal emakume zinegileen ahotsa aldarrikatzea helburu duen Arnasa betean (2023) obrak.
Bada, joerak ez du etenik, aurten bertan, 72. Donostia Zinemaldian Pello Gutierrezek Juanmi aita izan baitu Erreplika (2024) film poetikoan ardatz; eta horrekin batera, Zinemira sailean ere, euskarazko zinemaren bultzatzaile eta Euskal Zine Bilera jaialdiaren sortzaile izandako Benito Ansola izan dute gogoan. Naia Laka Arrizubieta lekeitiarrak zuzenduta, ZORTZITIK INFINITURA dokumentalak errepasoa emango dio egun 96 urte dituen figura handi honi.
Euskal zinemari egindako ekarpena, eta euskal zinemak hari egindako aitortza jasoko ditu filmak, herritik bertatik abiatuta, mundu osora iristeko ikusmirarekin. Miren Agur Meabe idazlea gidari, euskarazko zinemagintzan erreferente izan diren zinemagile, aktore eta profesionalek parte hartu dute dokumentalean (gaztelaniaz errodatu izan duten zenbaitek ere), eta denen ahotan entzungo dugun baieztapena zintzoa da: “Garrantzitsuena ez da kalitatea, baizik eta emandako pausuak suposatzen duena”.
Bilakaera geldo, gorabeheratsu eta zaila izan du euskal (euskarazko) zinemagintzak, eta Lakak argi du Ansolaren inurri-lana, askorentzat itzalpekoa, goratu beharra dagoela. Apaiz sartu aurretik ezagutu zuen zinema, eta berari esker sortu ziren hainbat eta hainbat zineklub. Zinema irakasteko eskolak jaso eta eman zituen, eta haren hegalpetik loratu da zinema arloko euskal profesionalen topagune nagusia. Lekeition erakutsi zituzten beraien lehen lanak Asier Altunak, moriartitarrek, Paul Urkijok, Estibaliz Urresolak… eta begira non dauden gaur: Donostia Zinemaldiaz gain, Veneziako Mostra, Sitges, Berlinale eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan programatu eta saritu dituzte.
Zinemari euskaraz hitz egiten irakatsi zion Ansolak, eta euskarak beso zabalik hartu du hari esker zinema.