The_End-zinea

Zuzendaria: Joshua Oppenheimer

Urtea: 2024

Herrialdea: Danimarka – Alemania – Irlanda – Italia

Saila: SAIL OFIZIALA

Asko itxaron zitekeen abiapuntu apokaliptiko eta distopikoa duen THE END film musikaletik. Efektu bereziz jositako zientzia fikziozko ohiko film ikusgarri eta bizia ez dugu aurkituko baina. Lur-azpian bizirauten duen munduko azken familiaren istorioa ekarri digu Joshua Oppenheimerrek, zer eta, fikziotik.

The Act of Killing (1974) eta The Look of Silence (2014) lan sarituekin modu transbertsalean lotuta dago estatubatuarraren lan berriena, hausnarketa giza izaeran baitatik bertatik jaioko baita. Entzutearen ekintza iraultzaileaz ari da, zoriontasunerako, onbiderako eta etorkizun bakezalerako funtsezko gakoa delakoan: familia protagonistako kideak elkar ulertzera kondenatuta daude, hala, bakoitzak bere ilusioez eta itxaropenez hitz egingo digute, biluzten joango dira, baina baita gezurrak zabaltzen ere. Are, kanpoko mundutik etorritako emakume misteriotsu eta ezezagun bat azalduko zaienean.

Purgatorio antzekoa den bunkerra da lur-azpiko mundua, gordeleku klaustrofobikoa, eta berau erabiliko du Oppenheimerrek egungo giza komunitateei eta gaur egungo errealitateari buruzko alegoria eratzeko. ‘Egia’ dute salbazio bakarra, eta berau ukatzen dutenean, krisian sartzen direnean, azaleraziko du THE END-ek, kuriosoki, bere izaera musikala. 

Berau zalantzagarria izango da, baina. Noraezean, erabat galduta hasiko den kontaketaren zuloak estaltzera datoz kantaldi eta dantzaldiak. Narratibari izugarri kostatuko zaio erritmoa hartzea, eta anekdota hutsa besterik ez dira izango pasarte musikatuak. Filmari balio erantsia ematen al diote? Konta zitekeen istorioa hauek gabe? Baiezkoan nago. Bi ordu t’erdiz ataskatuta dagoen filma biziberritzeko baliabide traketsa baino ez da.