Zuzendaria: Diego Lerman
Urtea: 2024
Herrialdea: Argentina
Saila: SAIL OFIZIALA
Leonardo Sbaragliak ez du inolaz ere Kirk Douglasen karismarik, eta Diego Lermanek nekez imita dezake Billy Wilderren berezko umore ironiko eta maitakorra. Baina argentinarrak Hoolywoodeko zinemagile onenetakoa izan denaren Ace in th Hole / The Big Carnaval (1951) maisulana berrinterpretatzen asmatu duela esan dezakegu: benetako gertakarietan oinarrituta badago ere, EL HOMBRE QUE AMABA LOS PLATOS VOLADORES filmak sakon arnastuko du Wilderren lanaren hatza (ezagutzen ez duenak ikus dezala, benetan).
Interes politiko zein mediatikoen atzean ezkutatutako giza zitalkeria ardatz, La Candelaria (Cordoba) zonaldera eramango gaitu Lermanek, José de Zer kazetaria bidelagun. Duen bulkada eta inpultso mitomanoak harrapatuta, eta batez ere, herriko agintariek aginduta, estralurtarrek ustez utzitako arrastoak jarraituko ditu.
Wilderren film hartako trazu tragikoak umorean eta satiran aurkituko du babesa hemen, baina ez da sekula parodian bihurtuko. Ikus-entzuleak protagonistaren paranoia eta handinahiarekin egingo du barre, baina haren bideo-grabazioetako performance eta muntaia erridikuluekin txoratuko da. Sbaragliaren interpretazio histrionikoak pertsonaiaren benetakotasuna justifikatuko du, pixkanaka-pixkanaka burua galtzen hasi eta errealitatearen eta berak propio elikatutako mitoaren artean ezberdintzen ere jakingo ez duelarik.
Fake News garai bete-betean, Lermanen filmak iraganetik orainaldira begiratuko du, gaur (agian inoiz baino gehiago), marketing estrategia espekulatiboen biktimak baikara. Kazetaritzaren zintzotasuna ezbaian jarriko du EL HOMBRE QUE AMABA LOS PLATOS VOLADORES-ek, eta ‘egia’-k izan ditzakeen errelatoen indarraz hausnartuko du. Baita hedabide masiboen, ardura profesionalaren, eta informazioaren trataera kontzientearen inguruan ere.
Misterioek, gertaera arraroek eta ez-ohikotasunak duten erakargarritasuna erabatekoa izanik, sarri erromesaldiak egin ohi ditu gizakiak ez-toki horietara, eta Lermanek zuzenean jorratuko ez baditu ere, ekintzon izaera absurdoaz ohartaraziko gaitu.
Eskertzekoa izaten da gisa honetako film atsegin eta entretenigarriak zinemaldietako sail ofizialetan programatzea. Urtero dago bakarren bat, drama sakon eta tristeen artean bere presentzia aldarrikatzen duena. EL HOMBRE QUE AMABA LOS PLATOS VOLADORES-i egokitu zaio aurten, baina ez dezagun ‘komedia’ etiketapean zigortu.