Tasio-zineaZuzendaria: Montxo Armendariz

Urtea: 1984

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: KLASIKOAK

Donostian bertan estreinatu zela 40 urte bete diren honetan, TASIO filma ‘klasiko’ izendapenarekin itzuli da hirira. Euskadiko Filmategiak zaharberritu du Boloniako L’immagine Ritrovata laborategian (Bolonia), eta nazioarteko zinema jaialdietan ari dira erakusten, 4K kopiarekin.

Lau hamarkada pasa dira Montxo Armendarizek galtzear zen ikazkin ogibideari buruzko lana, bere opera prima, aurkeztu zuenetik, baina urteak ez zaizkio edonola joan. Gaur egun, oraindik ere modernoa eta iraultzailea da, zinema egiteko, istorioak kontatzeko ikusmira sentikorra baitarabil. Obra poetiko eta zintzoa da, garaikide dituen Victor Erice edota Carlos Sauraren sorkuntzekin lotuta, isiltasunari, paisaiari eta gizakiaren beraren izaera hauskor eta existentzialari men egiten diona.

XX. mende bete-betean testuinguratua, baina arlo politikoari zuzenean erreparatu gabe, landa-eremutik hirira egindako migrazioen uholdearen mehatxupean aurkeztuko digu Armendarixek Tasio protagonista -Anastasio Ochoa ikazkina erreferente duena-. Baserri giroko filmen estereotipo edota topikoetatik guztiz aldenduta, gizaseme ororen askatasun nahia eta aldarria izango ditu filmak gai nagusi; bizimodu soil eta umilaren defentsa, inguruarekiko, jaioterriarekiko zein bizimoldearekiko maitasuna. Inongo idealizazio erromantikorik gabe.

Eta horixe da, hain zuzen ere, TASIO filmaren balio unibertsala. Gehiegikeria estetiko eta narratiborik gabeko obra da, korapilo melodramatikoetan baino, gizatasunean sustengatutakoa. Fikzioaren eta dokumentalaren arteko muga tranpatia erabat ezabatuz, dena da bizitza, dena da emozioa, sentimendua. Armendarizek ikazkinarekin enpatizatzera bultzatuko gaitu, eta haren ahotsak, presentzia eszenikoak eta irribarreak dira errudunak.

Patxi Bisquert aktoreak bihotzez, apaltasunetik, interpretatuta, aldatzen ari den mundu batera egokitzeari erresistentzia egingo dion gizona da Tasio. Bere bizi erritmoarekin eta begiradarekin bat dator zuzendaria, errespetu osoz erretratatuko du, naturaren zikloekin fusionatuz, paisaiarekin harremanetan jarriz, eta beronen aldaketak elipsien zein dilatatutako pasarteen bidez modu ezin eleganteagoan erakutsiz. Bada, hamarkadaz hamarkada, haurra gazte lehenik, eta heldu gero, nola bilakatuko den ezagutuko dugu lotura harmonikoen bidez.

Film malenkoniakoa da TASIO, bizipoza, tristura, maitasuna eta tragedia bere gain dituena. 40 urte dira Armendarizek Donostia Zinemaldian aurkeztu zuenetik, baina orduan bezain eder dirau.