Zuzendaria: Kiyoshi Kurosawa
Urtea: 2024
Herrialdea: Frantzia – Belgika – Luxenburgo – Japonia
Saila: SAIL OFIZIALA
Ibilbide luze eta oparoa duen Kiyoshi Kurosawa zinemagile japoniarrak ariketa metalinguistiko berezia ebatzi du bere lan berrienean. 1998an zuzendutako izen bereko filmaren auto-remakea ondu du, hain zuzen ere, film bera berriz baina garai eta testuinguru ezberdinean egitearen galderei erantzun nahian.
Gus Van Sant saiatu izan da antzeko eginkizunarekin. Kasu honetan baina, Alfred Hitchocken Psycho (1960) maisulana planoz plano berreraikitzeko erronkari heldu zion Psycho (1998) homonimoan; jasan behar izan zituen kritikak latzak izan ziren. Kurosawari dagokionez, aipatu bezala, bera propio arduratu da bertsio eguneratuaz, oraingoan baina, istorioa Frantzian girotuz.
Argumentuak ez du lehen instantzian aldaketa nabarmenik ekarriko: alaba txikiaren erailketa bortitza mendekatu nahi duen gizon batek laguntza eskatuko dio emakume misteriotsu bati. Freelance erreportaria den Albert (Damien Bonnard) da gizon hori, eta Sayoko (Ko Shibasaki) bere bidelaguna. Mendeku bila erakutsiko dizkigu zinemagile japoniarrak bata zein bestea, eta zeharo harrapatuko ditu itsukeriak. Haur-trafikoa, mafia eta erakunde ilunetan barrena egingo dugu bidaia beldurgarria.
Thriller psikologiko baten eran errodatuta, kontaketaren erritmo pausatu eta neurtuak tentsioa mantentzen lagunduko du, are, suspentsearen kodeak ezin hobeto maneiatuko ditu ikus-entzulea deseroso sentitu eta haren pertzepzioekin jolasteko. Famme fatale delakoaren berrirakurketa modernoa egiten ausartuko da, kontzeptu eta idealizazioari buelta bat gehiago ematen, eta pertsonaia nagusien turbulentzia mentaletan babestuko da giza miseriari buruzko hausnarketa sakona egiteko. Merezi al du mendekuak? Zilegi al da pertsona baten bizitza saltzea? Non dago giza moralaren limitea?
Jatorrizko filmaren antzera xamar (berdin ez esatearren) hasiko denari pixkanaka-pixkanaka pitzadurak sumatuko zaizkio, hausturak, eta filma bere existentziari eta zentzuari buruzko galderak egiten hasiko da. SERPENT’S PATH-ek sigi-saga egingo du arrastaka da bere bide propioa aurkitu arte.