Zuzendaria: François Ozon
Urtea: 2024
Herrialdea: Frantzia
Saila: SAIL OFIZIALA
François Ozonen filmetan ohikoa izaten tentsio sexuala piztea. Aurkeztu izan dizkigun pertsonaiek kanonikotzat jotzen diren harremanak hautsi eta transgresioari bide emateko adorea izaten dute, hala, zinemagile frantziarrak ikus-entzuleengan deserosotasuna sentitzeko duen berezko gaitasunari etekina ateratzen dio, arrakastatsu. Swimming Pool (2003), Donostia Zinemaldian garaile izan zen Dans la maison (2012), Jeune et jolie (2013), L’Amant double (2917), Été 85 (2020) ipuin udatiarra edota dira R. W. Fassbenderri omen egiten dion Peter von Kant (2022) dira ildo jarraikorraren adibide nagusiak, baina baditu bestelakoak ere.
Gizarte gaiak eta drama gizatiarrak uztartuz, Lehenengo Mundu Gerrara eraman gintuen Franz (2016) liluragarrian, pedofilia eta Elizaren isiltasuna jarri zituen auzitan Grâce à Dieu-n (2018)n, eta eutanasia gizarteratzen lagundu zuen Tout s’est bien passe (2021) lanarekin. Bere film luze berrienak, Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehian denak, adineko emakumeengan jarriko du fokua, horien bakardadean, tristuran, eta maitatuak sentitzeko beharrean.
Borgoinako herrixka batean Marie-Claude (Josiane Balasko) lagunarekin bizi den Michelle (Hélène Vincent) da protagonista nagusia. Alaba bisitan etorriko zaio Lucas bilobarekin, baina berehala egingo dute alde, ez baitira ondo konpontzen; alabak gorroto du ama, eta hari egozten dio zoriontasun eza. Marie-Clauderen Vincent (Pierre Lottin) semea, berriz, urte luzez kartzelan egon ostean aske utziko dute eta bizitza berri bati ekiteko prest da.
Lehen instantzian, eta Ozonen lan-ildo nagusia zein izan den jakitun, badirudi zinemagileak Michelle eta Vincenten arteko erlazioa izango duela QUAND VENT L’AUTOMME-ek ardatz, baina berehala baztertuko du ideia, emakumearen barrenetara bidaia egiteko. Pixkanaka-pixkanaka biluzten joango zaigu, eta konturatuko gara zama mingarria duela bere gain; ezbehar guztien erantzule dela sentituko du, eta biziki sufrituko du isilean.
Transgresioa maila moralera eraman du Ozonek, eta ez soilik protagonista nagusiari dagokionean. Inguruan dituenen jokamolde eta hautuek, iraganeko erabakiek eta orainaldiko ondorioek saretuko dute filma, hala, berau intraistorioez osatuta dago, zuloz eta zauriz. Baina ez ditu pertsonaiak sekula epaituko, gizabanako oro errespetuz erretratatuko du, egindako akatsengatik zigortu beharrean denok merezi dugun bigarren aukera berri baten alde eginez.