Zuzendaria: Andrea Jaurrieta
Urtea: 2024
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: MADE IN SPAIN
Ana de día (2018) bere opera priman Ingrid García-Jonssonek interpretatutako protagonistak Bartzelona utzi eta alde egingo du. Haren itxura duen emakume batek tokia hartuko dio, berari dagozkion betebehar guztiak eginez, hala, bat-batean aurkitu duen askatasuna baliatuta, bizitza berri bat hasiko du. Gau-klub batean hasiko da dantzari, ilea gorriz tindatuko du, betaurreko ilunak daramatza eta dagoeneko ez da Ana, Nina baizik. Doppelgänger kontzeptuaren buelta eraikia, Andrea Jaurrietaren lehen film luzeak Luis Buñuelen Belle de jour (1967) zuen batez ere ikusmiran, baina zinemaren historiako lan esanguratsuenei egiten zien ere keinu, eta badirudi bide beretik jo duela orain, Malagako Zinema Jaialdian saridun izan den NINA thriller ilunean.
Jose Ramon Fernandezen izen bereko antzezlanaren egokitzapen librea zuzendu du zinemagile nafarrak, aldi berean, Anton Txekhoven Kaioa (Чайка / Chayka) obrarena ere dena. Kamera aurrean indartsu ariko den Patricia Lopez Arnaizek haragituta, mendeku bila herrira itzuliko da Nina, denborak korapilatutako espirala askatu nahian. Iraganak eta orainak bat egingo dute, oroitzapenek min egiten jarraitzen baitute egun, eta mutu bezain konplize diren bizilagunen lotsa soziala azaleraziko da.
Emakumeen errepresentazio zinematografikoen berrirakurketa dakar Jaurrietak bere bigarren film luzean, eta ez kasualitatez, haren opera primarekin estuki lotuta dago. Berriz ere Nina deitura, berriz ere gorria, berriz ere betaurrekoak, eta berriz ere maisulanak (zinematografiko zein literarioak) oinarrian. Miresmenez, baina arketipoak iraultzeko intentzioz, begiratzen die NINAk film noir amerikarrei eta femme fatale zinikoei, western klasikoei, eta baita ere Ana de dían esploratu zuen bikoiztasunaren ideia inoiz hobekien jaso duen Vertigo (Alfred Hitchcock, 1958) erreferenteari: Kim Novaken lehen agerpen ikoniko gogoan aurkeztuko digu Jaurrietak Lopez Arnaiz; Madeleine/Judy definitzen zuen berde kolorea gorri bilakatuko da Ninaren baitan, itxi ezin duen zauriaren, biolentziaren eta jazarpenaren motibo bisual (ageriko eta errekurrente) gisa; San Frantzizko eliza misteriotsu hartara eramango gaitu Mundakako itsasargiak.
Bizkaiko kostaldean -Urdaibain- errodatu eta girotu du zinemagile nafarrak bere istorioa, zeinetan euskararen presentzia hutsalak min ematen duen. Itsasoaren orroak, euri-jasak, eta klima hotzak zuzenean garamatzate mendeku bila -eskopeta besapean- herrira itzuli den emakumearen barrenetara, eta haren inpultso eta kontraesanak arlo bisualean sostengatuko direla dirudi. Zoritxarrenez, narratiba hautsiak –flashback eta muntaketa zatikatuak- eta gehiegi azpimarratutako hizketaldi-ekintza-gertaerek baliogabetu egingo dute paisaiak eta atmosferak duten berezko balio narratiboa, NINA erdibidean itoko den amalgama manierista izango delarik.