kritika-120_bpm-zinea

Zuzendaria: Robin Campillo

Urtea: 2017

Herrialdea: Frantzia

Saila: GEHITU elkartearen 25. urteurrena

90eko hamarkada, HIESaren izurritea Frantziako gazteria irensten ari da, fagozitatzen, xurgatzen, banan-banan. Urte latzak dira oso, baina gizarteak ez du HIESaren egoeraren berri, berria da HIESa, eta bizilaguna izango da beti gaixotzen dena, inoiz ez etxekoa, gaixotasuna baztertuen gaitza delako, Frantzia beti aske, berdintsu eta anaiatsu honetan ez dagoelako horrelako eritasunarentzat tokirik, maritxuena delako, atzerritarrena, mari-mutil, emagaldu, lizun, zikin, drogazaleena delako gaitza.

Ez da horrenbesterako, izurriteak ez gaitu harrapatuko. Baina hori ez da horrela, maiteak, ez, izurriak ez duelako azalaren kolorearen, sexualitatearen edo estatusaren inguran galdetzen batetik bestera salto egiterakoan, guztiak harrapatu nahi baikaitu, marea igotzen denean bezala, hondartza urperatu nahian.

Act-up ekintzaile taldeak emango digu Frantziako historia hurbilean bizitako gertakarien berri. HIESaren kontra burututako borroka, kontzientziazio kanpainak eta farmazeutikekin izandako eztabaida gatazkatsuak kontatuko dizkigu. HIESak ez duelako barkatzen, eta Act-Up-ekoek dioten moduan, ezjakintasunak ahul egiten gaituelako, ezagutza arma bat baita. Ekintzaileak Frantziaren ezjakintasuna erasotzeari ekin zioten, gaixotutakoen eskubideen alde eginez, osasunaren eta informazioaren unibertsaltasuna bermatu nahian.

Istorio honetan Sean eta Nathan ezagutuko ditugu, elkarrekin, azken ondorioetaraino neka ezin, mundua jateko prest, edonor konbentzitzeko gai, eta horrela egingo dute, muturreraino, beren hitza sinesten dutelako, eta guk ere sinetsiko ditugu, ez dagoelako beste biderik, benetakoak direlako.

Gertaera erreal horiek modu argi batean, dinamikoan, azalduko dizkigu zintak, eta HIESa oraindik desagertu ez dela gogoraraziko digu, eta borroka ez dela oraindik amaitu, estigmak ez direlako eraitsi, gaixotasuna kolektibo zaurgarrienekin grinatzen delako.

Zuzendariak, tamalez, topikoz bete du istorioa, agian beste modurik ez dagoelako, agian topikoen zalea delako, edo ez duelako beste biderik topatu. Eta horrek filmari indarra galaraziko dio, momentu batzuetan, ikuslearen malkoa merke lortu nahi duela pentsatuko baitugu.

Hala ere, Campillok zuzenduriko filmari odola dario, eta taupadak zinta bizirik dagoela argi erakutsiko dute, 120 minutuko ez da gutxi-eta.