Cate Blanchett aktore eta ekoizle australiarrak Donostia Zinemaldiaren 72. Edizioari dagozkionetatik lehen Donostia Saria jaso zuen atzo arratsaldean, Kursaal auditoriumean ospaturiko galan. Erabat hunkituta, “ohoretzat” jo zuen zinema-jaialdiaren ohorezko sari gorena jasotzea, eta ikusminaren beharra aldarrikatu zuen.

Alfonso Cuarón zinemagile mexikarraren eskuetatik —haren aginduetara lan egin berri du Blanchettek Disclaimer minisailean— jaso zuen golardoa australiarrak, honek bere zorroztasuna eta birtuosismoa goraipatu ostean. Zinemagilearekin batera, George Clooney aktorea ere batu da ospakizunera, eta bideo baten bidez zoriondu nahi izan du gaualdiko protagonista. Clooneyk Blanchett goraipatu du, antzezpena arte mailara eramaten duten aktoreen “ondare esklusiboaren” parte gisa: “Zorte ezin handiagoa izan dut zu zuzendu izanagatik eta zurekin antzeztu izanagatik. Eta zuk gaitasuna duzu ingurukoak zorioneko sentiarazteko hain talentu handiko norbaitekin lan egiteagatik. Oso adeitsua zara gainera, eta harro nago zure laguna izateagatik”, esan du.

“Atzerrian lan egiten duen emakume australiar gisa, hamaika muga zeharkatu eta mundu osoan zehar bidaiatzeko pribilegio izugarria izan dut. Eta ohore bat da Euskal Herrian sari hau jasotzea, kultura eta zinema mugak ere gainditzen dituen zinema-jaialdi zoragarri eta zirraragarri honetan”, hasi du Blanchettek bere hitzartzea. Cuaronen presentzia eskertu ostean, leku askotara eraman duen bere ibilbidea “eklektikoa eta bitxia” izan dela esan du.

Era berean, azaldu du “jakin-mina” eta gizakia izateak zer esan nahi duen argitzea izan direla bere ibilbidea gidatu duten hariak: “Sormenari emandako gurea bezalako bizitzak zalantzak eta ziurgabetasunak izatea dakar. Apalak izan behar dugu eta esan: ‘Ez dakit eta hemen nago ikasteko'”, bide horretan, erantzun azkarrak aurkitzeko nahiaren aurka agertu da.

Clarice Lispector idazle brasildarra ekarri du gogora, zeinak defendatzen zuen “ez-jakiteak hainbat abantaila dituela eta adimena lurralde birjin eta libre bihurtzen duela”. Adierazpen horri helduta, honakoa gehitu du Blanchettek: “Eta horrela, ezagutzen ez dudan guztia nire egiten hasten naiz, eta ez-jakite horretan, dena ulertzen joaten naiz”. “Bidaia honek aurrera egingo du, itxaropena daukat. Honelako ziurtasun uharte txikiak baino ez daude, eta eskerrak eman nahi dizkiot Donostiari horregatik”, amaitu du.

Galaren amaieran, Rumours filma proiektatu zuten, Blanchett aktore-lanetan aritu den azken lanetako bat, Guy Maddinek, Galen Johnsonek eta Evan Johnsonek zuzendua.