Zuzendaria: Pilar Palomero
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia
Saila: SAIL OFIZIALA
Pilar Palomero zuzendari zaragozarrak –Las Niñas; La Maternal– bere hirugarren film luzea aurkeztuko du Sail Ofizialean, “Los destellos”, Eider Rodriguez euskal idazlearen Bihotz handiegia liburuaren kontakizunean oinarriturikoa.
Isabelen bizitza irauli egingo da bere alaba Madalenek eskatzen dionean Ramoni –gaixorik duen aitari– bisitan joateko. Emakumeak ez du senar ohia zaintzera joateko batere gogorik, hamabost urte eman ditu harengandik urrun eta, urte luzez familia izan baziren ere, gizona ezezaguna eta deserosoa zaio egun. Baina, bizialdi laburra geratzen zaionez, ahalegina egitea erabakiko du. Harengana hurbiltzerakoan, ordea, bere bertsio zaurgarrienarekin egingo du topo, eta beste begi batzuekin ikusiko du. Iragana askatu, eta orainean jarriko du arreta.
Film txikia, epela eta ederra da Los destellos, bizitzaren keinu txikietan sostengaturikoa. Begirune, zuhurtzia eta samurtasun handiz erreparatzen die gaixotasunari eta zaintzari, eta baita hauek ingurune hurbilean duten eraginari ere. Palomerok “doluaren edertasunean” sakondu nahi izan duela dio, baina, egiaz zauri ireki batean egindako miaketa da filma, maitasun baten hondakinak -ederrak hauek ere- zehatz-mehatz deskribatzen dituena.
Esan bezala, kamera ia zaratarik gabe mugitzen da pantailan, argiaren aldaketa txikiei, keinuei, xehetasunei eta, jakina, Patricia Lopez Arnaiz eta Antonio de la Torre protagonista nagusien interpretazio itzelei begira. Hermetismo neurtuko zeharkaldi bat, non hauskortasuna eta samurtasuna darien uneak dira nagusi.
Ziur naiz palmaresean ere nabarituko dela film hunkigarri honen dardara. Eta poztuko naiz, zinez asmatu baitu Palomerok bizitzan benetan axola duten distira horiek irudietan nola jaso. Mezua argia da: Duintasunez bizi, duintasunez hiltzeko.